GAUR8

Haur txikientzako jolas librerako espazioa zabalduko dute berriz Durangon

Durangoko haurrentzako jolaserako gunea datorren asteartetik aurrera egongo da erabilgarri familientzat. Aurreko urteetan 18.000 lagun inguruk erabilitako zerbitzuak hilabete hotzetan hotzaz babesteko espazio segurua eskaini nahi die familiei.

Landako Guneko jolaserako espazioa.
Landako Guneko jolaserako espazioa. (Durangoko Udala)

Durangoko Udalak haurrentzako jolas librerako espazioa zabalduko du urtarrilaren 30ean, eta apirilaren 21era arte erabili ahal izango dute familiek zenbait etenaldirekin, ekipamenduan izango diren ekitaldien arabera.

Hilabete hotzenetan ume txikientzako eta familientzako jolasteko gune babestua eskaintzen duen ekimena hirugarren urtez jari dute abian. «Horrela, adingabeek zein familiek etxeko txikienek neguko hilabeteetan babestuta jolasteko gune estali zabala izango dute», azaldu du Udalak ohar bidez.

Landako Guneko moduluetako batean egokituko da espazioa, eta aste osoan, astelehentik igandera egongo da zabalik, arratsaldeko ordutegian, 16.00etatik 20.00etara.

Urtebete eta sei urte bitarteko adingabeei zuzenduta dago jolas gunea, adin horretara egokitutako jokorako elementuekin. Zehaztu dutenez, «gainerako adinekoak ere sartu ahal izango dira instalazioetara». «Horrela, Udalak alternatiba bat eskaini nahi du, batez ere eguraldi txarreko egunetan», erantsi dute udal iturriek.

Hala ere, haur gunearen erabilera eten egingo da zenbait ekitaldirekin bat egiten duenean. 40 Minutu Rock, merkataritza azoka edo Berdeago bezalako ekitaldiak ospatu bitartean espazioa itxita egongo da. Horrekin lotuta zehaztu dute urtarrilaren 18tik otsailaren 18ra irekiko dela, eta Aste Santuaren ondoren, apirilaren 8tik 21era.

Udalak nabarmendu duenez, aurreko urteetan 18.000 lagun inguruk erabili dute jolaserako gunea, «eta aurten ere arrakasta bera izatea espero da».