GAUR8

60 milioi kontsulta baino gehiago izan ditu Elhuyar hiztegiak 2023an

Elhuyar hiztegiak 60 milioi kontsultako muga gainditu zuen 2023an. Fundazioak jasotako datu onak nabarmendu ditu, webguneko bisitek ere %9 egin baiztuten gora, eta mugikorreko aplikazioak 100.000 deskarga baino gehiago izan zituen.

Elhuyar hiztegiaren erabilerako datuak eman dituzte.
Elhuyar hiztegiaren erabilerako datuak eman dituzte. (Elhuyar Fundazioa)

Elhuyar hiztegiak 60 milioi kontsulta baino gehiago izan ditu 2023an. Denbora tarte horretan, Collins Elhuyar euskara-ingelesa hiztegia sartu da kontsultarako, eta beste aldaketa batzuk egin dira: sarrera batzuk gehitu zaizkio hiztegiari, beste batzuk aldatu dira, eta hizkuntza berdinzalea bermatzeari begira beharrezkoak diren aldaketak egin dira.

Ohar batean, Elhuyar Fundazioak nabarmendu du iazko martxoan doako tresna jarri zuela gizartearen eskuetan: Collins Elhuyar euskara-ingelesa hiztegia.

Era horretara, ingelesa ikasten duten euskaldunek ez dute zubi gisa ingelesa-gaztelania hiztegia edo ingelesa-frantsesa erabili beharrik. Hiztegiak 65.100 sarrera ditu guztira, bi ataletan banatuta: euskara-ingelesa atalean, 31.700 sarrera eta ingelesa-euskara atalean, 33.400 sarrera.

Elhuyarrek azpimarratu du ingelesezko bilaketen kopuruak nabarmen egin duela gora hiztegiaren online bertsioa erabil daitekeenetik, eta datuak eman ditu: 2023an «%37 kontsulta gehiago egin dira ingelesez 2022an baino». «Bestalde, Elhuyar hiztegiak 1.500 sarrera berri gehitu ditu 2023an, eta beste 1.200 aldatu dira», zehaztu du Fundazioak.

Pasa den urtean izandako datuen inguruan, webguneko bisita-kopuruaren igoera (%9) eta mugikorreko aplikazioak izandako 100.000 deskarga baino gehiago nabarmendu ditu.

Hizkuntzaren berdinzalea

Hizkuntza berdinzalean sakontzeari begira egindako urratsak ere aipatu ditu Elhuyar Fundazioak. Joan den urtean, genero-ikuspegia duen hiztegiko hainbat lagin aztertu zirela, eta, kasu batzuetan, lexikoaren eta hizkuntzaren erabilera «diskriminatzailea» kendu egin dela azaldu du, urratsez urrats «tratamendu diskriminatzailerik gabeko hiztegia» lortzeko.

«Berrikusketa-lan hori bi mailatan egin da: batetik, lexiko baztertzailetzat har daitezkeen sarrerak dagokien gutxiezgarri markaz hornitu dira; bestetik, hiztegiko adibideen gaineko errepaso sakona egin da, genero-ikuspegiarekin loturiko estreotipoak saihesteko eta emakumearen ikusgarritasuna bermatzeko», azaldu dute. Zehaztu dute, halaber, lan-ildo horretan, Laboral Kutxaren laguntza jaso duela Elhuyarrek.

Iturriei dagokienez, corpusak, beste zenbait baliabidetatik erauzitako edukia, Euskaltzaindiaren Hiztegia eta erabiltzaileen iruzkin eta proposamenak kontuan hartu direla aipatu dute.