GAUR8

‘Museoaren zaindariak’ filma estreinatuko dute ostiral honetan hegoaldeko lau herrialdeetako aretoetan

‘Zinema Euskaraz’ programak titulu berri bat ekarriko du ostiral honetan Hego Euskal Herriko aretoetara: ‘Museoaren zaindariak’. Martxoaren 22an izango da Zineuskadik bultzatutako hurrengo estreinaldia.

‘Zinema euskaraz’ programaren barruan aurten estreinatzen den bigarren filma da ‘Museoaren zaindariak’.
‘Zinema euskaraz’ programaren barruan aurten estreinatzen den bigarren filma da ‘Museoaren zaindariak’. (Zineuskadi)

Ostiral honetan, Hego Euskal Herriko pantailetara helduko da ‘Museoaren zaindariak’ filma. Zineuskadik euskal ikus-entzunezkoen sektoreari laguntzeko sustatutako ‘Zinema Euskaraz’ programaren barruan, aurten estreinatuko den bigarren filma da, ‘Patrick’-en ondoren.

Programa horren bidez, Lakuako Gobernuko Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak haur eta gazteentzako filmen bikoizketa bultzatzen du, eta zinematografiaren sektorean euskara sustatu.

‘Museoaren zaindariak’ filman, Vincent izeneko katu gazte batek Maurice izeneko sagutxo batekin bat egingo du, piano zahar batean uholde batetik ihes egiteko asmoz. Marinel talde batek instrumentua jaso eta museora bidaltzen du. Bertan, Vincentek eliteko katuen eskuadroi bat ezagutzen du, urteetan maisulanak karraskari eta beste piztiengandik babesten aritu dena.

Filma Golem Alhondiga (Bilbo), Getxo Zinemak (Getxo), Zugaza (Durango), Florida (Gasteiz), Gorbeia (Gasteiz), Niessen (Errenteria), SADE Antiguo Berri (Donostia) eta Golem La Morea (Iruñea) zinema aretoetan proiektatuko da.

Hurrengo hilabeteetako programazioari dagokionez, ‘Zinema Euskaraz’ ekimenaren barruan beste hainbat film estreinatuko dira, besteak beste, martxoaren 22an, ‘Inseparables’ eta apirilaren 19an, ‘Dragonkeeper’.