GAUR8

Abian da‘Gurot’, euskal tribial birtualaren talde lehiaketa

12 eta 18 urte bitarteko gazte bizkaitarrei zuzenduta, ‘Gurot’ euskal tribial birtualaren talde lehiaketan izena emateko epea zabaldu dute. Banakako lehiaketan 3.000 gazte baino gehiagok parte hartu zuen.

‘Gurot’ lehiaketaren aurkezpena, Bilbon.
‘Gurot’ lehiaketaren aurkezpena, Bilbon. (Alkarbide)

Otsailaren 26an, ‘Gurot’ euskal tribial birtualaren talde lehiaketaren edizio berri bat abiatuko da. 12 eta 18 urte bitarteko gazte bizkaitarrei zuzenduta, parte harzteko izen bereko aplikazioa erabili behar da, hiru gazteko taldeak osatu eta ahalik eta galdera gehien erantzun.

«Gazteen artean euskararen erabilera sustatzeaz gain, gazteei euren aisialdirako jolas edo tresna egokia eskaintzea» dira ekimenaren helburu nagusiak. Alkarbide Bizkaiko udal eta mankomunitateetako euskara zerbitzuen Bilguneak antolatzen du, Foru Aldundiaren laguntzarekin.

Taldekako lehiaketa ospatu aurretik, irailetik abendura bitartean banakakoa jokatu zen, 3.200 gazte bizkaitarren parte hartzearekin. Fase horretan, gazteek banaka erantzun behar zituzten ‘Gurot’-en galderak, adinari egokituta daudenak eta aldian-aldian berritzen direnak, zehaztu dute antolatzaileek.

Zabaltzear dagoen taldekako deialdiari dagokionez, zehaztu dute udal edo mankomunitate bakoitzeko bi talde onenak izango direla sarituak, eta lehenengoak apirilaren 26an San Mamesen jokatuko den final handira pasatuko dira.

Aplikazioaren bidez egin behar da izen-ematea, martxoaren 14ra arte. Martxoaren 18tik apirilaren 17ra burutuko da talde lehiaketa, eta aurrez aurreko finala apirilaren 26an egingo da.

Nabarmendu dute, bestalde, edizio berritua eta osatua dakarrela ‘Gurot’ lehiaketak, eta dagoeneko 11 eskualdetara zabaldu dela. Emandako datuen arabera, 3.000tik gora galdera eskaintzen ditu jokoak, «eta apurka-apurka gazteentzat erakargarri eta interesekoak izango diren galdera gehiago aurreikusi dira», azaldu dute.