Alzheimerra, zientziaren filosofia eta ekologia, ‘Emakume zientzialarien argitan’ zikloaren hurrengo emanaldian
Udaberriarekin, ‘Emakume zientzialarien argitan’ solasaldi zikloaren hiru saio berri helduko dira Donostiara. Miren Altuna Azkargorta, Arantza Etxeberria Agiriano eta Aitziber Sarobe Egiguren dira gonbidatutako hiru ikertzaileak.
Hiru saio berri ekarriko ditu Elhuyarrek eta Donostia Kulturak elkarlanean antolatzen duten ‘Emakume zientzialarien argitan’ solasaldi zikloak datozen asteetan.
Alzheimerra, zientziaren filosofia eta ekologia izango dira jorratuko diren gaiak, eta horietan sakontzeko hiru zientzialari gonbidatu dituzte: Miren Altuna Azkargorta, Arantza Etxeberria Agiriano eta Aitziber Sarobe Egiguren. Hiru solasaldiak euskaraz izango dira, Ana Galarraga Aiestaranek gidatuta.
Martxoaren 12a izango da lehen saioa, ‘Aurrerapenak alzheimerraren diagnostikoan eta tratamenduan’, Miren Altuna neurologoaren esku. Garuneko gaixotasun degeneratiboak ikertzen ditu Altunak, bereziki alzheimerra. Diagnostikoan eta tratamenduan dauden berrien ondoan, Downen sindromea ere aipatuko du, alzheimerra sindromea duten pertsonek garatzen duten gaixotasuna baita.
Arantza Etxeberria Agiriano izango da bigarren solasadiko gonbidatua, ‘Filosofia, zientziak eta bizidunak gurutzatzen diren lekua’ izenburu duen gaia jorratzeko.
EHUko Logika eta Zientziaren Filosofia Saileko irakaslea ‘IAS-Research Group on Life, Mind and Society’ taldeko ikertzailea da eta lantzen dituen gaien artean, autonomia eta indibidualtasuna biologian eta medikuntzan, garapenaren biologia ebolutiboa, heriotzaren ikuspegi biologikoa, eta, zientziaren filosofian, sailkapenak zientzian eta gizartean (generoa, arraza) daude.
«Zer esan nahi du jasangarri?»
Aitziber Sarobe Egiguren biologoak itxiko du zikloaren udaberriko emanaldia ‘Zer esan nahi dute, benetan, jasangarri, trantsizio, ekologiko eta abarrek?’ galdera planteatuz.
Biologian doktorea eta ekologian espezializatua, irakaslea da HUHEZIn, eta, militantzian, Arkamuka Zarauzko natura-taldeko kidea, baita Naturkon Gipuzkoako talde ekologistakoa ere. Naturaren kontserbazioaren ikuspegitik eta ebidentzia zientifikoan oinarrituta, kritikagarriak iruditzen zaizkio lurraldearen gainean hartu diren eta hartzen ari diren hainbat erabaki, azaldu du Elhuyarrek.
Saioak 19.00etan izango dira Ernest Lluch Kultur Etxeko areto nagusian, eta horien audioak Donostia Kulturaren ‘DK radio’ podcastetan eta Elhuyarren zientzia.eus webgunean ere entzun ahal izango dira.
Elhuyarrek, gainera, ‘Emakume-zientzialarien-argitan’ podcast-atal berria sortu du, eta bertan ere entzungai izango dira solasaldi-ziklo honen hiru gonbidatuen hitzaldiak.