GAUR8

Osasun mentalari buruzko solasaldia antolatu du Agifesek Zuhaitz Gurrutxaga eta Mikel Sarmientorekin

Zuhaitz Gurrutxaga futbolari ohiaren eta Mikel Sarmiento gaztearen arteko solasaldia antolatu du Agifesek hilaren 12rako Donostian, buruko osasunaz hitz egiteko. Beren bizipenez hitz egingo dute biek, tabuekin apurtuz  estigma ezabatzeko. 

Zuhaitz Gurrutxaga eta Ander Izagirre, osasun mentala ardatz duen ‘Subcampeon’ liburuaren egileak.
Zuhaitz Gurrutxaga eta Ander Izagirre, osasun mentala ardatz duen ‘Subcampeon’ liburuaren egileak. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Zuhaitz Gurrutxaga futbolari ohi eta umoregilearen eta Mikel Sarmiento gaztearen arteko solasaldia antolatu du Agifes elkarteak, osasun mentalari buruz hitz egiteko. Topaketan, euren bizipen pertsonalak partekatuko dituzte gonbidatu biek, Nekane Azuabarrena psikologoaren eta Cristina Tapia kazetariaren ondoan.

Hitzaldiaren helburua «taburik gabeko komunikazioa bultzatzea» da, azaldu du buru osasuneko arazoak dituzten pertsonen eta familien laguntzan aritzen den Gipuzkoako elkarteak.

Zehaztu duenez, tabuekin apurtzea da estigmei aurre egin eta buruko osasun arazoak naturalizatzeko bidea, eta zentzu horretan, Gurrutxaga «erreferente bihurtu da osasun mentalaren arloan, ‘Futbolistok’ bakarrizketari eta berriki argitaratu duen ‘Subcampeon’ liburuari esker. Elkarteak gogoratu duenez, «bi lanetan umorea baliatzen du gaztaroan diagnostikatu zioten nahasmendu obsesibo-konpultsiboaren ondorioz bizi izan dituen zailtasunak azaltzeko».

Mikel Sarmientok, solasaldiak duen beste gonbidatuak, bere esperientzia azalduko du. 24 urteko gazteak urteak daramatza depresioak jota, «eta aurpegia ematea erabaki du osasun mentaleko arazoak ikustarazteko eta sufritzen ari diren beste pertsona batzuei laguntzeko», azaldu du Agifesek. Asmo horrekin hainbat topaketetan parte hartzen ari da Sarmiento, eta Gipuzkoako elkartearen Zinema eta Buru Osasuna zikloaren saioetan moderatzaile lana egiten du.

Solasaldia martxoaren 12an izango da Reale Arenaren auditorioan, 18.00etan. Sarrera librea da, eserlekuak bete arte.

Kazetaritza sariak

Agifesek, halaber, abian jarri duen Kazetaritza eta Buru Osasuna Sarien edizio berria gogoratu du. Azpimarratu duenez, Gipuzkoan hedapena duten komunikabideen lana saritzeko ekimena da, osasun mentalaren inguruko lanak sustatuz.

«Buruko osasun arazoak dituzten pertsonen kolektiboari buruz ikuspegi arduratsuarekin informatzen duten profesionalen lana nabarmendu nahi dugu, gizarte-sentsibilizazioan fokua jartzeagatik eta estigmaren aurka borrokatzeagatik», adierazi du elkarteak ohar batean.

Hiru kategoria dituzte sariak: prentsa eta hedabide digitalak, telebista eta irratia. Aurkeztutako lanak 2024an argitaratuak edo igorriak izan behar dira, eta abenduaren 1era arte aurkeztu ahal izango dira. Deialdiaren inguruko informazioa elkartearen webgunean dago eskuragarri.