GAUR8

Altsasu, ikasleen artean lagunarteko euskara sustatzeko Arikala proiektuaren lehen geltokia

Lagunarteko euskara sustatzeko antolatutako Arikalaren lehen topaketak 450 ikasle bildu ditu asteburuan Altsasun. Ludikotasunaren bitartez hizkera ez formala lantzeko ikerketa-ariketak duen balioa nabarmendu dute bultzatzaileek.

Lehen «arikalatarrak» asteburuan, Altsasun.
Lehen «arikalatarrak» asteburuan, Altsasun. (Euskaltzaindia)

Euskal Herri osoko 450 ikasle bildu ziren asteburuan Altsasun, Arikala proiektuaren lehen topaketan. Ikasleen artean lagunarteko euskara sustatzeko ikerketa-ekintza da egitasmoa, Mintzola ekimenaren barruan, «euskaraz garatzeko tresnak eta estrategiak» eskaintzeko.

«Ikasleei hizkera informalak euskaraz lantzeko tresnak eta estrategiak» ematean datza Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak, Euskaltzaindiak eta Ikastolen elkarteak elkarlanean antolatutako ekimenak, eta esku hartze horiek izan duten eragina neurtuko du aurrerago.

Altsasun ospatutako lehen topaketak errealitate soziolinguistiko ezberdinetako ikasleak bildu ditu. Ahozkotasuna eta lagunarteko hizkera landu dituzte, bereziki. Horrez gain, beste bi helburu nabarmendu dituzte: Arikala proiektuaren inguruan bildutako «komunitatea sendotzea» eta «gazte horiek euskararekin duten atxikimendua» indartzea.

Bi egunez luzatu den ekimenaren inguruan oso balantze positiboa egin dute antolatzaileek. Mondragon Unibertsitateak hizkuntza estrategiak garatzeko duen balioan jarri du azpimarra, ohituretan eragiteko eta material pedagogiko zein testuinguru berriak sortzeko.

Euskaltzaindiak, bestalde, Arikalaren eraginkortasuna eta Mintzola egitasmoaren garrantzia nabarmendu ditu. «Asmoa ez da soilik ahozko hizkera informalari buruzko ikerketa teorikoak egitea; errealitatean esku hartzea eta esku hartze horien eraginak neurtzea ere nahi da», adierazi du.

Atxikimendua sendotu

Ikastolen Elkartearen aldetik, proiektuak ikastoletan duen eragina azpimarratu dute. Ludikotasunaren bitartez euskararekiko atxikimendua landu eta sendotzeaz gain, «euren sentipenak euskararen bitartez adierazteko abagunea» eskaini dela aipatu dute.

«Hezkuntza formalaren eta ez formalaren arteko bereizketa lausotzea lortu da, eta bien arteko sinergia indartzea, haurrek euskara, gelatik kanpo erabilgarri izateaz gainera, bizigarri ere badela barnera dezaten, eta Euskal Herri luze zabalean eurak bezala euskaraz mintzo diren komunitate zabal bat dagoela ohar daitezen», adierazi dute.