GAUR8

Langile ondarea eta 1936ko gerraren memoria ezagutzeko ibilbideak egingo dituzte Sestaon

Martxoan abiaraziko dira ibilbide formatuko bi proposamen Sestaoko langile ondarea eta 1936ko memoria historikoa ezagutzera emateko. Jarduera biak urtean zehar mantenduko dira, hilabetean behin.

Labe Garaietako instalazioak, artxiboko irudian.
Labe Garaietako instalazioak, artxiboko irudian. (Jon HERNAEZ | FOKU)

Sestaoko Turismo Bulegoak doako bisita gidatuak eskainiko ditu larunbatetik aurrera, udalerriaren ondare historikoa ezagutzera emateko. Bi ibilbide prestatu dituzte horretarako, langileriaren historiarekin lotutako bat eta 1936ko Gerraren inguruko beste bat.

Udalak jakinarazi duenez, bisita gidatuak hilean bi larunbatetan egingo dira 2025eko otsailera arte. Horietan parte hartzeko aurrez aurrez izena eman beharko da Rivas kaleko Turismo Bulegoan, posta elektroniko bidez (visit@sestao.eus) edo telefonoz (944 07 09 85).

Langile Ibilbidea eta Memoria Historikoarena Sorospen Gela zaharrean hasiko dira, «Sestaoko memoriarekin lotura estua duen eta XX. mendearen lehen erdian udalerriaren hazkunde demografiko eta ekonomikoaren lekuko izan den espazioa», eta gaur egun Turismo Bulegoaren egoitza dena.

Industria-altxorrak

Langile Ibilbidea Sestaoko industrializazioaren fenomenoa ezagutzeko interpretazio-ibilbidea da: «XIX. mendearen amaieran Bizkaian sortu zen industria-iraultzaren eragile eta epizentro gisa, bertako espazio adierazgarrienen bitartez: industria-altxorrak, kaleak, bizitza-espazioak eta interakzio-espazioak» erakutsiko ditu.

Langileen familien osasun-arretarako 1925ean ireki zen sorospen gela zaharrean hasten da ibilbidea. Handik gertu, hormigoizko pasabide bat dago, 1916an eraikia, langileak La Naval ontziolara pasatzeko.

Ondoren, Rivas eta Txabarri kaleetatik jarraitzen da. Kale horiek, jatorrian, Errege Bidea izan ziren Portugaleterantz, eta industrializazioaren garaian herriko arteria nagusietako bat bihurtu ziren.

Beste puntu bat Bizkaiko Labe Garaietako Ikastunen Eskola da, 1942an ireki zena siderurgiako langile izatera igaroko ziren gazteentzako prestakuntza-zentro gisa. Aurrerago, bisita Sestaoko ‘koloso handiaren’ aurrean geldituko da, AHVko 1. Labe Garaiaren aurrean, 1959an hasi baitzen lanean.

Ibilbidea Iberia kaletik igotzen da, Bizkaiko Labe Garaietako langileentzako fabrikarako sarrera izan zen lekutik, eta «langileen manifestazio eta protesta ugariren testuingurua», nabarmendu dute Udaletik.

Langileen etxebizitzak ere bisitatuko dira, hala nola La Galana eta La Union. Azken horrek interpretazio bisitagarriko etxe-museo bat du, non XX. mendeko langileen familien bizitza eta eraikin horien arkitektura eta barne eredua ezagutu ahal izango diren.

Kasko plazatik Kale Nagusia hartuko da, «ibilbidearen amaiera markatzen duten langile-etxebizitzez betetako beste zeharkaldi handi bat».

Azken egunotan, Langile Ibilbide honetako elementu berriak instalatu dira, hala nola Iberia kalean jarri diren manifestarien irudiak, eta informazio-totem berriak hainbat gunetan.

1936ko gerraren memoria

Memoria Historikoaren ibilbideak 1936ko gerrako Sestaoko leku eta eraikin enblematikoak ematen ditu ezagutzera, eta udalerriak jasan zituen bonbardaketen historian sakonduko du, Gogoan Sestao Oroimen Historikoa Berreskuratzeko Elkarteko kide batek gidatuta.

Sorospen Gela zaharretik, 1937an Sestao suntsitu zuten bonbardaketetan babesleku izan ziren tokiak bisitatuko dira: asiloa eta Rebonzako ikastetxea, Kuetoko Gurutzea, Lorenzo Llonaren zeharbidea, Musika Eskola, San Diego kalea, La Iberiako zinema zaharra, hiltegiko tunela, La Union eta La Galana taldeak, Eskribauaren Etxea, Vista Alegre edota Txabarri kaleko Arkuaren Etxea, besteak beste.

Langile Ibilbidearen lehen saioa martxoaren 16an egingo da, eta Memoria Historikoaren ingurukoa, hilaren 23an, baina urte bukaera arte, ibilbide biek saio gehiago izango dituzte hilabetean behin, Udalaren webgunean kontsulta daitekeen agendaren arabera.