Kobazuloen Eguna ospatuko dute asteburuan, «seigarren kontinentea» azaleratuz
Zugarramurdi, Urdax, Mendukilo, Ekainberri, Arrikrutz, Pozalagua, Sara... Euskal Herriko kobazuloek ateak zabalduko dituzte asteburuan eskaintza bereziekin. Kobazuloen Eguna ospatzen dute.
Kobazuloen Eguna ospatuko dute asteburuan euskal leize ezberdinek, bisitariak «seigarren kontinente» horren altxorrak ezagutzera emateko.
Karrantzako Udalak deialdiarekin bat egin eta Pozalaguako egitarauan sakondu du. Izan ere, ospakizunarekin bat eginez, %50eko beherapena izango dute sarrerek. Martxoaren 16an eta 17an, Pozalaguan, 2x1 egingo dute sarreren prezioari dagokionez, eta 17an, dohako bisitaldia antolatu dute Dolomitas Antzinako Lantegi Museora, aldez aurretik erreserba eginda.
Udal iturriek gogoratu dute 2008an jaio zela Lurpea elkartea, Euskal Herriko zortzi kobek osatuta eta helburu argi batekin: «lurpeko bisitariari ‘seigarren kontinentea’ deskubritzeko aukera ematea, hurbil izan arren hain ezezagun zaizkigun baliabide hauek ezagutzeko aukera eskainiz».
Zugarramurdi, Urdax, Mendukilo, Ekainberri eta Arrikrutz, Pozalagua eta Sara eta Isturitz-Oxocelhaya haitzuloak dira elkartea osatzen dutenak. Elkartea 2008an sortu zen, balio historiko eta naturala duten leku horiek argitara ateratzeko ahaleginak batzeko, baina haien kontserbazioa zainduz.
Lurpea elkarteak kobazuloen ondarea ezagutzera animatu ditu herritarrak, «bakoitza bakarra eta ezberdina» dela gogoratuz. Azpimarratu zuten, bestalde, kobazulo horiek «iraganean, gure arbasoen eta animalien babesleku» izan direla.
Aurten, gainera, Arantza Aranburu geologian doktore eta Aranzadi Zientzia elkarteko kideak jaso du Lurpea elkartearen 2024ko saria, eta kobazuloen garrantzia azpimarratu du. «Gure sustraiak eta gure historia gordetzen dituzte. Gure gaurkoa ere kobazuloen inguruan egiten ziren istorio eta erritoen inguruan kokatuta dago», azaldu zuen astelehenean ospatutako ekitaldi batean.
Ikuspuntu geologiko batetik, gainera, nabarmendu zuen haitzuloak «notarioak» direla, «gure lurraren egunerokotasuna eta denboraren igarotzea adierazten dutenak».