Hogei urte Andolin Eguzkitza idazle, itzultzaile eta euskaltzaina hil zenetik
Gazte hil zen Andolin Eguzkitza gaur duela hogei urte, 50 urte besterik ez zituenean. Idazle eta itzultzailea, Hizkuntzalaritzan doktorea eta Euskal Herriko Unibertsitateko katedraduna izan zen. Euskaltzaindiko kidea izan zen ere, Ezkerraldeko lehenengoa.
Andolin Eguzkitza Bilbao Santurtzin jaio zen 1953ko abenduaren 6an eta 2004ko martxoaren 24an hil zen Bilbon. Euskararen eta euskal kulturaren aldeko langile nekaezina, Ezkerraldeko lehen euskaltzaina izan zen.
Oinarrizko ikasketak egin ondoren, Deustun Filologia Erromanikoa ikasi zuen. Lizentziatura eskuratu bezain laster, Salamancara joan zen, Koldo Mitxelena zenaren ondoan ikasketak egitera. Handik Koloniako Unibertsitateko Hizkuntzalaritza Institutuan ikasketak jarraitu zituen eta, ondoren, Iowa-ko Unibertsitatean, 1980an, Hizkuntzalaritza Orokorreko ikaslea bihurtu zen.
1986an, Kalifornian Hizkuntzalaritza erromanikoan doktoretza lortu zuen. Tesiaren izenburua: ‘Topics on the Syntax of Basque and Romance’.
Guztira, hamabi urte eman zituen Euskal Herritik kanpora eta, itzuli zenean, irakasle hasi zen Deustun lehenengo eta Euskal Herriko Unibertsitatean gero, Gasteizko kanpusean. Bertan egin zuen lan hil arte, Hizkuntzalaritza Orokorra, Semantika eta Tipologia Linguistikoa irakasten.
Euskaltzaindiak 1991n izendatu zuen euskaltzain urgazle lehenengo eta, 2001ean, euskaltzain oso. Luis Villasanteren hutsunea bete zuen Akademian. Sarrera berbaldia Santurtzin egin zuen, ‘Xalotasunaren laudorioa’ gaiaren inguruan. Xabier Kintanak eman zion erantzuna.
Deialektologia batzordeko burua izan zen, Gramatika batzordeko kidea, Exonomastika azpibatzordearen arduraduna eta Azkue Biblioteka batzordeko kidea.
Eguzkitza Euskal Idazleen elkartearen lehendakaria izan zen 1977tik 2002era arte. Langile porrokatua, euskalkiak eta beste hizkuntza batzuk ere ikasi zituen, tartean katalana. Halaber, Aralar alderdi politikoko kide eta bultzatzailea izan zen.
2003ko irailean, Hizkuntzalaritza Orokorra eta Tipologia izeneko katedra lortu zuen. Epaimahaikideak hauek ziren: Karmele Rotaetxe (lehendakaria), Angel López (idazkaria, Valentziako Unibertsitatekoa), Teresa Espinal (Bartzelonako Unibertsitate Autonomokoa), Milagros Fernández (Santiagoko Unibertsitatekoa) eta Andrés de Molina (Granadako Unibertsitatekoa).
Poesia eta eleberria idatzi zituen. Poesian ‘Orhiko mendirantz urratsez urrats’ (1986, Pamiela), ‘Mila urte igaro eta, ura bere bidean’ (1993, Susa) eta ‘Erraietan euria egiten digunean’ (2001) idatzi zituen. Eleberriei dagokionez, berriz, hauek: ‘Lehen orenean’ (1978, Elkar), ‘Urkidian zehar’ (1987, Pamiela) eta ‘Heriotzaren itzalpean’ (1998, Txalaparta)
Ikastaro eta berbaldi ugari emon zituen, Euskal Herriko zein kanpoko unibertsitateeetan, hizkuntzalaritzaz zein literaturaz. Udako Euskal Unibertsitatean ere urtero egiten zituen irakasle lanak.
Horrez gainera, artikulu asko (zientifikoak eta literarioak) argitaratu zituen hainbat argitalpenetan.
Bat-bateko heriotzak gazte harrapatu zuen 2004an, 50 urte besterik ez zuela, bizileku zeukan Bilbon, Basurtuko ospitalean bihotzekoak jota.