Gaur 15 urte hil zen Joxe Lizaso bertsolari aparta
Odria auzoko Saberri baserrian hazia, Txapel eta Zepai bertsolariak jaio ziren baserrietatik oso gertu, hiru belaunaldi desberdinetako bertsolariekin kantatu zuen plazetan emandako ia 60 urteetan. Bere azkartasuna, etorria eta jendetasuna nabarmentzen dituzte.
Joxe Lizaso Mendizabal bertsolari azpeitiar ezaguna 2009ko apirilaren 1ean hil zen, 82 urterekin. Zehazki, 1927ko martxoaren 10ean jaio zen Azpeitiko Enparan kalean, nahiz eta berehala amaren baserrira eraman zuten, Odria auzoko Saberrira.
Baserri horretan eman zuen gaztaroa, Txapel eta Zepai bertsolariak jaio ziren baserrietatik oso gertu. Berak askotan esaten omen zuen giro horretan bertsolari izatea ez zela miraria, ez izatea baizik.
Lehen urte haietan Uztapide eta Basarriren garaiak ezagutu zituen, baina gerora plazaz plaza izan zituen bertsokideak batez ere Imanol Lazkano eta Joxe Agirre izan ziren. Hirugarren belaunaldi gazteago batekin ere askotan kantatu zuen 90eko hamarkadan, tartean Sebastian bere semearekin.
Semearekin bakarrik ez, Beñat bilobarekin kantatzera ere iritsi zen Joxe, bertsolaritzaren historiak utzi duen irudi aipagarrienetako batean.
Bere azkartasuna eta etorria nabarmentzen zituen Joxean Agirre kazetari adituak Joxe hil zen eguneko GARAko artikuluan: «Bertsozaleen artean askotan esaten zen azkarrean zela txapeldun. Denbora gutxian zeinek bertso on gehiago bota txapelketarik eratu izan balitz, Joxe zatekeen txapeldun. Ondokoak azken oina kantatu baino lehen hasi ohi zen askotan erantzuten. Lagunartean ikasi zuen bertsotan eta etorri handiko bertsolaria izan da beti. Ez zituen txapel asko etxean, baina bertsozale askorentzat bera zen txapeldun gauza askotan, ez bakarrik etorrian, baita jendetasunean ere, agertokitik jaitsi ondorengo plazako giroan».
Bi aste lehenago egin zioten ebakuntza baten ondorioak gainditzeko ohean zegoela hil zen Joxe, gaur 15 urte.