Hubble espazio teleskopioa jaurti zuen NASAk gaur 34 urte
Hubble teleskopioak 1990ko apirilaren 24tik darama unibertsoaren gaineko oinarrizko ulermena aldatu duten zientzia behaketak egiten. Urruneko galaxiak, zulo beltzak… milioi bat objektu baino gehiago antzeman ditu eta unibertsoko irudi ikusgarriak eskaini ditu denbora horretan.
1990eko apirilaren 24an, NASAk eta Europako Espazio Agentziak (ESA) Hubbleren misioa jarri zuten martxan. Lurra orbitatuz, Hubble espazio teleskopioak gure garaiko galdera astronomiko premiatsuenetako batzuk erantzuten lagundu du eta existitzen zirela ez genekien misterioak argitu ditu.
Hubble espazio teleskopioak Edwin Powell Hubble (1889-1953) astronomoari zor dio izena, astronomia modernoaren aurkikuntza garrantzitsuenetako batzuen egilea. 1920ko hamarkadan, Henrietta Swan Leavittek ezarritako harremanak erabiliz, Hubble doktoreak frogatu zuen unibertsoan urrun zeuden argi-hodei ugari eta ahuletako batzuk galaxiak zirela. Haren izena daraman Hubble teleskopioak lan handia egin du orain arte unibertsoaren lehen aztarnen bila, izugarrizko gertaera kosmikoak agerian utziz.
Hubblek 547 kilometroko altitudean orbitatzen du Lurra. Behaketa-puntu hori Lurreko atmosferaren ondorio negatiboen gainetik dago. 27.300 kilometro orduko abiaduran bidaiatuz, Hubblek 95 minutu inguru behar ditu Lurraren inguruko orbita bat osatzeko.
Discovery transbordadorea izan zen Hubble teleskopio espaziala jaurtitzeko arduraduna, duela 34 urte. Espazioaren ikerketari dagokionez lorpen handai izan zen.