GAUR8
Gaur X urte

75 urte bete ditu gaur Jose Luis Kortak

1949ko apirilaren 25ean jaio zen Jose Luis Korta Orioko Ortzaika auzoko kirolari ezaguna. Gaur egun Kaiku taldeko entrenatzailea, Kontxako bandera gehien irabazi dituen arraunlari, patroi eta entrenatzailea da.

Jose Luis Korta eta Kaiku, beti elkarri lotuta. (Juan Carlos RUIZ / FOKU)
Jose Luis Korta eta Kaiku, beti elkarri lotuta. (Juan Carlos RUIZ / FOKU)

Jose Luis Korta gaurko egunez jaio zen Orion, 1949an. Patroi eta arraunlaria, inork baino Kontxako bandera gehiago dauzka Ortzaika auzokoak.

Sestaon emandako lehenengo aldi loriatsuan, beste hainbat garaipenen artean, Kontxako lau bandera (1978, 1980, 1981 eta 1982) eta hiru Espainiako Txapelketa lortu zituen. Bigarrenean, berriz, beste bi Kontxako Bandera (2009 eta 2012) eta elkarren segidako hiru Eusko Label Liga (2011, 2012 eta 2013) gehitu zizkion Kortak «Bizkaitarra» ontziaren palmaresari.

1972ko Municheko Olinpiar Jokoak irailean jokatu ziren eta, ezustean, Oriorekin arraunean egitea tokatu zitzaion Ortzaikako mitoari. Jose Luis Kortak berak dioenez, Espainiako Arraun Federazioak erabaki zuen Municheko Olinpiar Jokoetatik at uztea Ortzaikakoa, nahiz eta urtebete lehenago, 1971ko Europako Txapelketan, artean 22 urte baino ez zituela, B Finalean -«Final Txikian», bere hitzetan- bigarren amaitu zuen, orotara zazpigarren amaituz eta, bai bertoko bai atzerriko adituen ustez, behar bezalako prestatzaileek gidatuta, mundu mailako elitean aritzeko moduko arraunlari baten aurrean egon.

Oriok 1972 hartako Kontxako Bandera eskuratu zuen behintzat, eta handik aurrera, ia erabat zentratu zen Ortzaikakoa traineruetako lanean, nahiz eta 1980ko Moskuko Olinpiar Jokoetara joan zen. Jose Luis Kortak ez zuen Olinpiar Jokoetan gehiago parte hartuko.

Kirolari bezala palmares ikusgarria lortu zuen eta entrenatzaile bezala klub desberdinetan aritu da, Castron urte luzez esaterako, edo Pasai Donibanen. Kontxako bandera gehien jaso dituen pertsona da, inork ez ditu hainbeste bandera. 2021etik, berriz ere Kaiku entrenatzen du, biak arrauneko maila gorenera itzultzeko erabili zuten kluba.