GAUR8

Herritarrekin bilduko da Zaldibarko alkatea, «iritziak eta iradokizunak zuzenean jasotzeko»

Eneritz Azpitarte Zaldibarko alkateak aurrez aurreko bilera irekiak izango ditu herritarrekin maiatzetik aurrera, haien iradokizunak eta kexak zuzenean jasotzeko. Goizez eta arratsaldez, hitzorduak eskatzeko kanalak zabaldu dituzte.

Irudian, Eneritz Azpitarte Zaldibarko alkatea.
Irudian, Eneritz Azpitarte Zaldibarko alkatea. (Zaldibarko Udala)

Udala herritarrengandik hurbilen dagoen erakundea dela esan ohi da, eta parte hartzea bultzatzeko ekimen ezberdinak badaude ere ez dira hain ohikoak herritarren eta alkateen arteko komunikazio bide zuzenak, aurrez aurreko elkarrizketen bidekoak, Zaldibarren martxan jarriko dituzten horiek bezalakoak.

Eneritz Azpitarte Zaldibarko alkateak iragarri duenez, bilera irekiak hasiko ditu herritarrekin, dituzten kexen aurrean erantzun edota iradokizunak biltzeko. Helburua da «parte hartzea sustatzea» eta «bizilagunekiko gardentasuna areagotzea», azaldu du udal gobernu taldeak ohar bidez.

Maiatzean bertan abiatuko da bilera-erronda. Aurreratutakoaren arabera, «bizilagunek alkatearekin batzeko aukera izango dute, modu irekian, alkatetzaren bulegoan bertan, iradokizunak, proposamenak, kexak zein ideiak modu zuzenean helarazteko».

Alkatearekin batzeko hitzorduak lotzeko, 94 682 70 16 telefono zenbakira deitu behar da edota zaldibar@zaldibar.eus helbide elektronikora idatzi. Hitzordu eskaera egiteko izen-abizenak eta alkatearekin landu gura duten gaia zehaztu behar dute herritarrek.

Jakitera eman dutenez, goizez eta arratsaldez bilduko da alkatea herritarrekin: goizean, 11.00etatik 12.00etara izango dira bilera horiek, eta arratsaldean 18.00etatik 19.00etara.

Udal gobernu taldeak parte hartzea sustatu eta kudeaketaren inguruko gardetasuna areagotzeko duen konpromisoan kokatzen du ekimena. Horrekin batera, kudeaketa ereduak herritarren ahalduntzean eta herriko kohesioan eragin dezakeela uste dute.

Eneritz Azpitarte alkateak nabarmendu duenez, «Udaletxeko ateak zabal-zabalik daude, Bizilagunek lasai berba egiteko tarte bat izango dute, herria hobetzen lagunduko duten ideiak eta iradokizunak partekatuta».