GAUR8
Gaur X urte

David Beriain eta Roberto Fraile euskal kazetariak duela hiru urte hil zituzten Burkina Fason

Hiru urte pasa dira David Beriain eta Roberto Fraile euskal kazetariak Burkina Fason hil zituztela, 2021eko apirilaren 26an, legez kanpoko ehizari buruzko dokumental batean lanean ari zirela. Hipotesi nagusiaren arabera, yihadista talde bat izan zen atentatuaren egilea.

Roberto Fraile eta David Beriain euskal kazetariak Burkina Fason hil ziren duela hiru urte. (EUROPA PRESS)
Roberto Fraile eta David Beriain euskal kazetariak Burkina Fason hil ziren duela hiru urte. (EUROPA PRESS)

2021eko apirilaren 26an, David Beriain eta Roberto Fraile euskal kazetariak Burkina Fason hil zituzten. Hegazkin militar batean ekarri zuten lehenengoaren gorpua Euskal Herrira, eta bigarrenarena Valladolidera, bertan bizi baitzen.

Burkina Fasoko agintariek herrialdeko parke naturalak legez kanpoko ehizatik babesteko egindako ahaleginei buruzko dokumentala grabatzen ari ziren Beriain artaxoarra eta Fraile barakaldarra. Biak desagertuta zeuden, irlandar batekin –Rory Young, Chengeta Wildlife GKEaren sortzaileetako bat, ezkutuko ehizari aurre egiten aritzen zena–, pertsona armatuek Kompiengako probintzian isileko ehizaren aurka borrokan ari zirenen kontra egindako eraso baten ondoren.

Hiruen heriotza baieztatu zen egun batzuetara. Nusrat al-Islam erakunde yihadista erradikalak hartu zuen bere gain atentatuaren egiletza, baina hau konfirmatzeke dago egun. Espainiar Estatuak «terrorista yihadistak» seinalatu zituen. Eta, egun gutxira, Burkina Fasoko segurtasun-gorputzek yihadistek egindako eraso baten berri eman zuten, David Beriain eta Roberto Fraile kazetariak hil zituzten eremu berean.

2021eko maiatzean, Interpolek txosten bat bidali zion Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzari, David Beriain eta Roberto Fraileren hilketari buruzko xehetasunak ematen zituena. Zehazki, talde yihadistetatik hurbil dauden 'bot'en mezuak aurkitu zituen. Mezu horietan adierazi zuten kazetariak «kristauak izateagatik» hil zituztela.

Ondorioz, 2021eko irailean, Auzitegi Nazional espainiarrak eginbideak ireki zituen Fiskaltzaren eskaerari kasu eginez, kazetarien heriotzak ikertzeko. Eginbideak irekitzearen ondorioz, kazetarien senideak terrorismoaren biktimatzat hartu ziren.