GAUR8
Gaur X urte

1969ko apirilaren 30a: Seaska sortu da

Gaur 55 urte sortu zen Seaskaren lehenengo eskola, Arrangoitzen, hainbat familia eta irakasleren bultzadaz. Ordutik, milaka haur euskaldundu ditu Lapurdin, Zuberoan eta Nafarroa Beherean.

Ikasleak, Seaskak Senperen ireki zuen kolegioa ezagutzen.
Ikasleak, Seaskak Senperen ireki zuen kolegioa ezagutzen. (Guillaume FAUVEAU)

Hainbat familia eta irakasleren bultzadaz, gaur 55 urte, 1969ko apirilaren 30ean, sortu zen Seaska, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako ikastolen federazioa. Gaur egun 39 ikastetxe ditu hiru euskal lurralde hauetan, eta 4.300 ikasle eskolatzen ditu, euskaraz. Peio Jorajuria da lehendakaria.

1969an guraso talde batek Seaskako lehenengo ikastola ireki zuen Arrangoitzen, 5 ikaslerekin. Elkarte berriak elebitasun orekatua eskuratzea helburua duen hezkuntz eredua bultzatzea proposatzen du. Helburu honek pedagogia metodo bereziak eta aintzindariak behar ditu.

Ordutik, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako haurrek euskaraz ikasteko duten eskubidearen berme bakarretakoa izan da, eta 55 urtean, milaka haur pasa dira haren zentroetatik. Bidea ez da erraza izan, halere: Frantziako Hezkuntza Ministerioen aurrean borroka ugari planteatu ditu, izan finantzazioagatik edo ikasleek azterketak euskaraz pasatzeko duten eskubidearen alde, sarritan desobedientzia ekimenekin.

1989an hitzarmen berri bat sinatu zuen Hezkuntza Ministerioarekin eta hurrengo urtean, Ministerioak ama ikastolako eta Lehen Mailako 61 irakasle bere gain hartu zituen. Seaskako kolegioa eta lizeoa kontratutik kanpo gelditu ziren.

1993an, hitzarmena berrekin zen eta kolegioari hedatu zitzaion. Estatu frantsesean Lehen Mailako eta kolegioko irakasleak bere gain hartu zituen.

Azkenean, urtebete beranduago, Seaskak eta Hezkuntza Ministeritzak izenpetu zuten hitzarmenak elkarte kontratupeko eskola pribatuko estatusa segurtatu zien ikastolei.