GAUR8

Feminista zaharrek taldea osatu dute Basaurin, zaintza eta zahartzaro eredu berriak aldarrikatzeko

Feminista talde batek Emakume Feminista Zaharren Taldea osatu du Basaurin, gogoetak plazaratu, ekarpenak egin eta proposamenak mahaigaineratzeko. Eragile aktibo izan nahi dute zaintzak eta zahartzaroa eraldatzeko borrokan. Haiekin izandako solasaldian jasotako gogoeta eta proposamenetan sakonduko du GAUR8ren hurrengo aleak.

Mugimendu feministatik eta mugimendu sozialetatik etorritako emakumeak dira, eta eskarmentu handikoak. Atoan sumatzen da iraganaz hitz egitean, haietako batzuk parte hartze aktiboa izan baitzuten Basaurin, arlo asistentzialean aurrerapauso esanguratsuak ekarri zituzten borroka ezberdinetan. Orain adineko emakumeak dira eta zahartzaroa eta zaintza ereduetan gauza asko aldatu behar direla aldarrikatu dute.

Garai batean eraldatze prozesuetan lehen lerroan egon zirenak lehen lerrora itzuli dira bi mezu nagusi uzteko: zaintza sistemak goitik behera aldatu behar duela, arreta eta lan baldintza duinak bermatzeko eta beharrizan ezberdinei erantzuteko; eta nahi duten zahartzaroa eraiki nahi dutela, «ez soilik aktiboa, baita aktibista ere».

Bego Larrea taldeko kideak azaldu duenez, adineko emakume talde gisa sortu zen oso helburu zehatzekin: «pentsatzeko zahartzaroa nola eraiki» eta egungo gizarteak ohikotzat duen eredutik haratago eramateko. «Gizarteak badauka ideia bat eginda emakumeok izan behar dugunaren inguruan», azaldu du Larreak, eta adineko emakume gisa interpelatzen zaizkien gaiez hausnartzeaz gain subjektu politiko ere izan nahi dute gogoetak eta aldarrikapenak plazaratuz.

Zaintzaren arloan, argi diote ezin duela emakumeen bizkar erori. Gizartean, belaunaldien arteko eztabaida behar dela uste dute, hausnarketa sakon bat, pentsatzeko erak aldatzeko. Zaintzak behar dituena eta zaindu behar duena kokatzen dituzte erdigunean, arreta formatu ezberdinez osatutako sistema baten barruan.

Eransten dutenez, badaude egoera zaurgarrienean daudenengan eragina duten neurri asko, eta hor ere kokatzen dute taldearen zeregina, pentsiodunen mugimenduaren borrokekin bat eginez, esaterako.