GAUR8

‘Kultura pintxoak’ dastatzeko proposamena Laudion, hilaren 17an eta 18an

Herriko kultur sortzaileak eta arloan lan egiten duten eragileak dira ‘Kultura pintxoak’ programaren protagonista nagusiak Laudion. Bi egun dituzte, hilaren 17a eta 18a, lantzen dituzten disziplina ezberdinak plazara ateratzeko.

Gazteak Laudioko Lamuzako parkean, artxiboko irudian.
Gazteak Laudioko Lamuzako parkean, artxiboko irudian. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Herriko kultur eragileek sortutako lanak ezagutzera eman eta horiei ikusgarritasuna eskaintzeko asmoz, Laudioko Udalak kultur adierazpen ezberdinak bilduko dituen programa bat jarriko du abian hilaren 17an eta 18an.

‘Kultura pintxoak’ izena jarri diote «tokiko kultur eragileek garatutako disziplina artistikoei balioa ematea eta ikustaraztea» helburu dituen ekimenari. Nerea Gonzalez Kultura zinegotziak azaldutakoaren arabera, Kultura Kontseiluan egindako ekarpenean dago programaren abiapuntua.

Nerea Apodaka artistaren ‘26101983’ erakusketaren estreinaldiak zabalduko du programa KulturLABen, ostiralean (hilak 17), 19.30etik aurrera. Ordubete beranduago, dantza erakustaldia eskainiko dute Aldai Plazan Itxarkundia Dantza Taldeak, Andaluziako Etxeak, Nuria eta Rakel dantza akademiak, Ladio Wellnes-ek, Lautxirrinka Kirol Elkarteak, Untzueta Dantza Taldeak, Baisalak eta Leongo Etxeak.

Programazioak larunbat eguerdian jarraituko du Lankaietako Lagunen kalejira batekin. Ordu berean, haurrentzako jarduerak egongo dira Alberto Acero plazan, tailerrak eta buruhandiak, Kirikiño Atseden Taldeak, Sorginlarrek, Galtzagorrik eta Erraldoien Elkarteak antolatuta.

Udal tailerretako ikasleek, gainera, haien lanak izango dituzte ikusgai Herriko Plazan, eta tailatze, estanpatze eta pintura ‘dripping’ teknika aplikatzeko jardueretan parte hartuko dute.

Musika eskaintzari dagokionez, Santa Luzia abesbatzak, Igor Arzuagak, Ecos dultzaina elkarteak, eta Arte On eskolaniak Paula Urkijo dantzariaren laguntzarekin, Alberto Acero plazan eskainiko dute aktuazioa 19.00etatik aurrera.

Tokiko kultura erakustaldi hau lehen urrats bat da herrian hainbat arlotan egiten den lana ikusarazteko. Ildo horretatik udal arduradunek azaldu dute «lehen jardunaldi hauen ondoren, ekitaldi eta topaketa berriak» aztertuko direla. «Asmoa da herriko artistak ezagutaraztea», azpimarratu du Nerea Martinezek.