GAUR8
Gaur X urte

Carmen Baroja hil zen gaur duela 74 urte

Barojatarretan Piok izan zuen oihartzun handiena, baina emakumeen ahalduntzean eta kulturgintzan Carmen Barojak ere izan zuen bere sona. Iruñean, bizi zen etxean, murala egin zioten Barojari.

Carmen Barojaren omenez egindako murala, bere irudiarekin.
Carmen Barojaren omenez egindako murala, bere irudiarekin. (Wikimedia)

Gaur bezalako egun batean, ekainaren 4an nafar idazle eta etnologo Carmen Baroja hil zen Madrilen. Iruñean jaio zen Baroja, Pio Barojaren arreba, baina bere aitaren langintza zela eta, bizitoki ezberdinak izan zituen: Iruñea, Sestao, Donostia, Madril eta Bera.

Vera de Alzate ezizenarekin ere ezaguna da, izan ere 1938tik aurrera ‘Mujer’ aldizkarian argitaratzen hasi zen izengoiti horrekin. Gaztetan familiarekin leku batetik bestera ibili ostean, bere anaiek egin bezala bere bizitza artistikoa garatzea erabaki zuen, nahiz eta inguruak hainbat oztopo jarri. Urregintzaren alorrean jardun zuen.

1913an hogeita hamar urte zituela ezkondu zen Rafael Caro Raggiorekin. Garai horretan ez zen ohikoena adin horretan ezkontzea, salbuespena autonomia ekonomikoa zuten emakumeak ziren, eta hori zen Barojaren kasua.

1925ean Madrilen antzerki eskola berritzaile baten sorreran hartu zuen parte, ‘El Mirlo Blanco’ deiturikoa, eta urtebete beranduago Lyceum Club Femeninoa sortu zuen, emakumeen ahalduntzea kulturaren bidez indartzea izanik bere xedea.

1933an, ‘El encaje en España’ liburua argitaratu zuen, oihartzun handia izan zuena; horren ondorioz, Museo del Pueblo Español-eko batzorde exekutiboko kide izendatu zuten. Espainiako Gerra Zibilak Beran harrapatu zuen, barojatar gehienak bezala, Itzea etxean; senarra, berriz, Madrilen geratu zen.

1938tik aurrera, ‘Mujer’ aldizkarian idazten hasi zen, Vera de Alzate izengoitiarekin. Eleberri bat idatzi zuen, ‘Martinito, el de la Casa Grande’, eta argitaratu ez ziren hainbat idazlan. Gerra ostean familia Madrilera itzuli zen. Buenos Airesko ‘La Nación’ egunkariko artikulugilea izan zen.

2021ean Iruñeko ‘Aitzindarien Parkean’ margotutako muralean azaltzen da Carmen Baroja, beste hainbat emakume aitzindariren ondoan.