GAUR8

Arabako Plazetan programaren bosgarren edizioak 34 emanaldi antolatu ditu herrialde osoan zehar

Udarekin, ‘Arabako Plazetan’ programa jarri dute abian: 34 antzerki, clown, dantza eta zirku ikuskizun herrialdeko udalerri ezberdinetan. Hilaren 23tik aurrera, Lukianon, Agurainen eta Izarran izango dira emanaldiak. 

‘Arabako Plazetan’ programaren aurkezpena, irudian.
‘Arabako Plazetan’ programaren aurkezpena, irudian. (Arabako Foru Aldundia)

‘Arabako Plazetan’ programaren bosgarren edizioak 34 antzerki, clown, dantza eta zirku ikuskizun programatu ditu Arabako beste hainbat udalerritan. Arabako Kaleko Arteen Zirkuitu horretan, 22 konpainia, horietako zortzi arabarrak arituko dira ekainetik irailera bitartean.

Ana del Val Kultura eta Kirol diputatuak eta Artekaleko idazkaritza teknikoko David Gutierrezek eta Marta Alvarezek aurkeztu zuten astelehenean programazio berria.

Del Valek nabarmendu zuenez, «duela lau urtetik hona, antzerkiaren, dantzaren, zirkuaren eta magiaren programa berri baten aldeko apustua egin da, herrialdean kultura-ibilbide bat finkatzen eta eratzen laguntzeko, eta programa hori egonkorra eta finkatua bihurtu da». «Horrekin, herrialdean arte eszenikoak zabaltzea eta sustatzea lortzen da, eskaera berriei erantzunez eta eraginez», adierazi zuen.

Zirkuituaren lehen bi emanaldiak ekainaren hasieran izan ziren, eta gainerakoak hilaren 23tik aurrera programatu dira Lukiano, Agurain eta Izarra herrietan. Irailaren 28an amaituko da Bastidan. Programazioa eskuragarri dago Diputazioaren eta Artekaleren webguneetan.

Ekimena Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Departamentuak, udalek eta Artekale Euskadiko Kaleko Arteen Elkarteak, arte eszenikoen profesionalen elkarteak, antolatu dute.

Kaleko arteak balorizatu

Artekale 2004an sortu zen, kaleko arteak balorizatu, sustatu eta zabaltzeko asmoz. «Izaera berezia eta bakarra du, bertan sektoreko hainbat profesional elkartzen baitira, artistak, jaialdiak eta banatzaileak, kaleko artea duintzeko helburuarekin», azaldu dute.

Aurtengo edizioan parte hartuko duten konpainiak Ameztu Antzerkia, Bapateanzirko, Cia Turukutupa, El Mono habititado (Larrua proiektua), Pez Limbo, Panta Rhei, Pikor Teatro eta Zanguango Teatro dira.

Aurten, berrikuntza gisa, ‘Openkale’ EAEko kaleko arteen zirkuitu sortu berriaren parte izango da programa.