GAUR8
Gaur X urte

Zazpi urte Portugalgo sute handietatik

2017ko ekainaren 17tik 24ra bitartean, baso-sute handi batek Portugalgo erdialdea kaltetu zuen, eta gutxienez 64 pertsona hil eta 135 zauritu ziren. Heriotza gehienak Pedrógão Granden gertatu ziren, sutea hasi zen lekuan. Beroaldi handiak eta lurraren lehorteak eragile nagusiak izan ziren.

Hainbat herritar, suteari begira. (Miguel RIOPA/AFP)
Hainbat herritar, suteari begira. (Miguel RIOPA/AFP)

2017ko ekainaren 17-18ko gauean, gaur zazpi urte, guztira 156 su zabaldu ziren Portugalen, herrialdeko historia hurbileko hondamendi natural hilgarrienetako bat izanik. Sutea tximista batek, haize bortitzek eta muturreko tenperaturek elikatu zuten, eta abiadura beldurgarriarekin hedatu zen.

64 hildako eta 204 zauritu egon ziren, gehienak Leiriako Pedrógão Grande udalerriko errepide batean. Izan ere, hasierako fokua bertan hasi zen, modu ikusgarrian zabaldu aurretik. Bertan 47 pertsona hil ziren, 30 ibilgailuetan harrapatuta, eta beste 17 oinez ihes egiten ari zirenean. Beste 11 pertsona Nodeirinhoren hil ziren, IC8 autopistatik gertu.

1.700 suhiltzaile baino gehiago lanean aritu ziren suei aurre egiteko. Frantziar eta espainiar Estatuek bost ur-hegazkin aktibatu zituzten, eta Europar Batasunak nazioarteko laguntza-ahaleginak koordinatu zituen ekainaren 18an. Ke-zutabe handiak laguntza ematea eragotzi zien helikopteroei, eta itzaltzeko ahaleginak zaildu zituen.

Hiru dolu egun nazional deklaratu ziren ekainaren 18tik aurrera.

Europar Batasuneko datuen arabera, guztira, 140.000 hektarea baino gehiago erre ziren 2017ko udan Portugalen, aurreko 10 urteetan jasotako datuen batez bestekoa baino hiru aldiz gehiago.