GAUR8

Nahasmendu bipolarrarekin lotutako bi proiektu diseinatu dituzte EHUko Gizarte Langintzako sei ikaslek

EHUko Lan Harreman eta eta Gizarte Laguntza Fakultateko sei ikaslek nahasmendu bipolarra duten pertsonei eta familiei laguntza ematen dien Orekabide elkartearen jarduna hobetzeko proiektuak garatu dituzte. Estigmekin bukatu eta arreta hobetzea dira egitasmoen ardatz nagusi bi.

Ikaskuntza-Zerbitzu motako proiektuak garatu dituzten ikaleak, irudian.
Ikaskuntza-Zerbitzu motako proiektuak garatu dituzten ikaleak, irudian. (Nuria GONZALEZ | UPV/EHU)

Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) sei ikaslek nahasmendu bipolarrarekin lotutako bi proiektu egin dituzte. Orekabide elkarteak eta Lan Harreman eta Gizarte Laguntza Fakultateareko Gizarte Langintzaren arteko akordioaren baitan garatu dira, Ikaskuntza-Zerbitzua (I+Z) erako proiektuan, nahasmendu bipolarra duten lagunei, familiei eta gizarteari zerbitzu zabalagoa eskaintzeko.

EHUk azaldu du ohar batean, Ikaskuntza-Zerbitzua metodologiak zertan datzan: «komunitateari zerbitzu bat eskaintzeak aukera ematen die ikasleei graduko gaitasun jakin batzuk praktikan jartzeko eta, aldi berean, erakunde sozialari eta haren komunitateari zerbitzu jakin bat eskaintzeko».

Kasu honetan, nahasmendu bipolarra duten pertsonei eta haien familiei laguntza ematen dien Orekabide Arabako elkartearekin egin dute lan, «erakundea indartzeko eta haren ikusgarritasuna hobetzeko» eta «gaixotasun mentalen gaineko estigmak gainditzeko».

Proiektua Rakel Oion Encina irakasleak zuzendu du. Alde batetik, nahasmendua duten pertsonek eta senideek erakundean duten parte hartzea sustatzea helburu duen egitasmoa aurkeztu dute Amaia Blanco, Haizea Gorostizaga eta Marie Leber ikasleek: ‘Construyendo el futuro, potenciando Orekabide’.

Inplikazioa eta gaixotasunaren ezagutza

Parte hartzea eta inplikazioa sustatzeari begirako egitasmoaren ingruruan, gogoratu dute «Orekabide erakundeak berak laguntza eskatu» zuela unibertsitatera egindako bisitan, eta «batez ere, horregatik erabaki» zutela proiektua egitea, azaldu dute ikasleek. 

Egileen esanetan, «garrantzitsua da nahasmendu bipolarra eta depresioa ezagutzea, eta horiek pairatzen dituzten pertsonen eta haien familien eguneroko bizimoduan zer eragin duten ezagutzea ere bai».

Lanean ondorioztatu dute «informazioa zabalduta eta erakundea profesionalizatuta, proiektuak handitu dezakeela nahasmendu biopolarren eta depresioaren gaineko kontzientziazioa, estigma eta bazterkeria murriztuz».

Bigarren proiektua Blanca Mayok, Ana Salazarrek eta Deiane Vazquezek garatu dute. ‘Desmontando tabúes sobre el trastorno bipolar’ izeneko proiektua aurkeztu dute, gazteen artean buruko gaixotasun hori normalizatzen lagundu eta haren gaineko beldurra era aurreritziekin apurtzera bideratuta.

Azken proiektu horrek hiru zatitan banatuta dago. Lehen Hezkutzako lehen mailako haurrekin tailerrak egitea proposatzen du lehen zatiak, «emozioak identifikatzeko eta kudeatzeko ariketak lantzeko». Bigarrena DBHko lehen mailako nerabeei zuzenduta dago. «Jarduerak egitera dago bideratuta, osasun mentaleko profesionalek zuzendutako esperientzien eta bizipen bidez komunikazioa eta emozioen kudeaketa landu ditzaten», zehaztutakoaren arabera.

Azken zatia, 18 eta 25 urte bitarteko lagunentzako da, «osasun mentalari (orokorrean) eta nahasmendu bipolarrari (zehazki) buruzko komunikazioa lantze aldera, modu aktibo eta parte hartzailean». Atal horretan, Elkarri Laguntzeko Taldeak (ELT) osatzea proposatzen da, gaixoen, senideen eta diziplina ezberdinetako profesionalen parte hartzearekin. Askotariko jarduerak eta tailerrak planteatzen dituzte adin horiei zuzendura.

«Helburu nagusia da gazteei behar adina tresna ematea, edozein egoeraren aurrean haien sentimenduak edo ezinegon psikikoa identifikatu eta adierazi ahal izateko, banaka kudeatu ahal izateko edo inguruan dituzten baliabideak erabili ahal izareko», eta horiek adierazteak beldurrik ez emateko edo tabua ez izateko».