GAUR8

Bermeoko Institutuko ikasle talde batek audiogidak prestatu ditu herria ezagutzera emateko

Bermeoko BHIko ikasle talde batek audiogidak sortu ditu beren herria ezagutzera emateko. Hiru hizkuntzatan, euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez, herriko leku esanguratsuenen gaineko informazioa ematen dute QR kodeen bidez.

Bermeoko leku esanguratsuen gaineko informazioa eskaini eta ibilbideak proposatzen dituzte audiogidetan.
Bermeoko leku esanguratsuen gaineko informazioa eskaini eta ibilbideak proposatzen dituzte audiogidetan. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Bermeo Bigarren Hezkuntzako Institutuko DBHko 2. mailako ikasleek audiogidak sortu dituzte Bizkaiko kostaldeko udalerria ezagutzera emateko. Hainbat ibilbide egin dituzte, QR kodeen bidez eskuragarri egongo direnak.

Udalak azaldu duenez, ikasleek, Bermeoko Turismo Bulegoarekin elkarlanean, audiogida horiek hiru hizkuntzatan sortu dituzte: euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez.

«Erronka honetan, herriko txoko esanguratsu batzuei buruzko gida turistiko bat egin dugu, eta azalpenak audio moduan grabatu ditugu, bisitatzen gaituzten pertsonek hainbat ibilbide» ezaguzteko auekra izan dezaten», azaldu dute proiektuan parte hartu duten ikasleek.

Audiogiden zirriborroak idatzi aurretik, herriko «puntu interesgarrienak» taldeka banatu zituzten. Ondoren, haiei buruzko informazioa bilatu eta ibilbidea diseinatu zuten. Gainera, audiogidaren gidoia idatzi eta hiru hizkuntzatan grabatu behar izan dute.

Amaitzeko, QR kodeak prestatu dituzte puntu horietan jartzeko, Bermeo bisitatzen duten lagunek eta bertako herritarrek herria «hobeto ezagutu dezaten». Pasa den asteazkenean jarri zituzten, «udako denboraldiari begira prest egon daitezen».

Maite Caruezo Ugalde Turismo zinegotzia «pozik» agertu da Bermeoko Institutuko ikasleek egindako lanarekin, «herriko jendearen eskutik herria ezagutzeko aukera» emango baitu.

«Proiektu aberasgarria da, bai egiten dutenentzat zein erabiltzaileentzat. Alde batetik, gazteek, euren lanarekin, herriari buruz gehiago ikasteko aukera izan dute; eta bestetik, audiogidetako erabiltzaileek ikasleek egindako lanaz gozatu ahal izango dute, gure herria sakonago ezagutuz», adierazi du.