Altsasuk hartu zuen duela 43 urte lehen Nafarroa Oinez jaialdia
‘Nafartarren hizkuntzagatik, denok Altsasura!’ lelopean, 1981eko ekainaren 21ean lehenbiziko Nafarroa Oinez jaialdia ospatu zen. Ekitaldiak hasierako aurreikuspenak gainditu zituen eta 30.000 pertsona baino gehiago bildu zituen.
Gaur dela 43 urte, lehenbiziko Nafarroa Oinez jaialdia ospatu zen Altsasun. Nafarroako ikastolak alegalak zirenez, gurasoek ordaindu behar zituzten ikastolen funtzionamendu-gastuak, foru erkidegoko gainerako ikastetxeek ez bezala. Nafarroa Oinezen ospakizunak gastu horiek ordaintzeko aukera ematen zuen.
Altsasu aukeratu zen bertan eraiki zelako klaseak euskara hutsean emango zituen lehenengo ikastetxea. Ordurako martxan zegoen Iruñeko San Fermin ikastola kongregazio erlijioso bati erositako eraikin batean, baina Altsasukoa izan zen horretarako eraiki zen lehena.
Lehenengo edizio hartan, Kilometroak ospakizunean egiten zena imitatu zen eta Juan Luis Larraza izan zen jaiaren koordinatzailea. Itxaropenak gainditu egin zituen, izan ere 30.000 pertsona baino gehiago joan ziren ekitaldira. Hiru milioi pezeta inguru lortu ziren eta diru hura ikastetxea eraikitzearen gastuak estaltzeko erabili izan zen.
Denborarekin euskararen aldeko ekimen jendetsua bilakatu da Nafarroa Oinez jaialdia eta urtero 100.000 pertsona inguru biltzen ditu aurretik finkatutako ibilbide batean, zeinetan hainbat jarduera eta ikuskizun gauzatzen diren.
Aurtengo jaialdia Zangozan ospatuko da, ‘Piztu! Lelopean, urriaren 20an. «Orain gure txanda da, 40 urtez lagun askok ahalegin eta lan gogorra tarteko egin duten bideari jarraipena ematea dagokigu. Eta haiek egin zuten modu berean egin nahi dugu, eraikiz, ekarpenak eginez, partekatuz, gure ikastolan sinesten dugulako», adierazi du Zangozako Ikastolak.