GAUR8
Gaur X urte

Duela hamabost urte estatu kolpe militar batek Manuel Zelaya Hondurasko presidentea kendu zuen

Duela 15 urte, estatu kolpe militar batek Manuel Zelaya Hondurasko presidentea kendu zuen.

Manuel Zelaya Hondurasko presidente ohia, ezkerrean, Brasilgo Lula presidentearekin.
Manuel Zelaya Hondurasko presidente ohia, ezkerrean, Brasilgo Lula presidentearekin. (WIKIMEDIA)

Estatu kolpe militar batek Manuel Zelaya Hondurasko presidentea kargutik kendu zuen duela hamabost urte, eta erbestera eraman.

2009ko ekainaren 28an, Honduras krisi politikoa zeharkatzen ari zela, Romeo Vasquez Velazquez jeneralaren taldeak Tegucigalpako etxetik indarrez atera zuen Zelaya presidentea, eta Costa Ricara eraman. Roberto Michelettik, orduan Hondurasko Kongresu Nazionaleko presidentea zenak, ordezkatu zuen karguan Zelaya.

Geroztik, herritarrek hainbat manifestazio egin zituzten, estatu kolpe militarra salatu eta presidenteari babesa adierazteko. Poliziak, gainera, hainbatetan egin zuen manifestarien kontra, oldarkeriaz eta indarrez.

Erbesteko presidentearen papera hartu zuen hurrengo hilabeteetan Manuel Zelayak, eta Tegucigalpako Brasilgo enbaxadan gorde zen 2009ko irailaren 22tik aurrera, bere herrialdera klandestinoki itzuli ondoren. 2010eko urtarrilaren 27an, berriz, Dominikar Errepublikarantz abiatu zen, Porfirio Lobo Sosa presidentearen laguntzari esker.

2011ko maiatzaren 28an, Zelaya Hondurasera itzuli zen, bere bizitza politikoarekin jarraitzera. Partido de Libertad y Refundacion (LIBRE) alderdi politikoa sortu zuen, eta horren koordinatzaile nagusi gisa aritzen da egun ere.

Bestalde, 2011ko uztailean, Egiaren eta Baketzearen Batzordeak ebatzi zuen Manuel Zelaya Hondurasko presidentea estatu kolpe baten biktima izan zela.