‘Garaia’, Durangaldeari buruzko 25 dokumental eta erreportaje eskaintzen dituen plataforma berria
Durangaldeko memoria eta ondarea zabaltzeko sortua, ‘Garaia’ plataforma jarri du martxan Gerediaga Elkarteak. Guztira, 25 dokumental eta erreportaje biltzen ditu, formatu desberdinetan zeuden lanak digitalizatu ostean.
Gerediaga Elkarteak sortua, Durangaldeko historiarekin lotutako 25 dokumental eta erreportaje eskaintzen ditu jada erabilgarri dagoen ‘Garaia’ ikus-entzunezko biltegiak. Pasa den otsailean jarri zuen martxan proiektu berria, eskualdeko «memoria eta ondarea zabaltzeko ekarpenak egiteko eta gordetzeko».
Arduradunek azaldu dutenez, lehen ikus-entzunezkoak memoria historikoari buruzko testigantzak izan ziren, eta orain sail berri bat sortu da, non «Durangaldeko historiarekin, kulturarekin eta gai sozialekin lotutako dokumentalak eta erreportajeak bildu dira plataforma bakar batean eta helburu bikoitzarekin: eskualdearen historia zabaltzen laguntzea eta herritarren eskura jartzea».
Zehaztutakoaren arabera, lan ezagunak daude jasotakoen artean, sarean hainbat plataformatan aurki daitezkeenak. Beste batzuk, aldiz, elkartearen dokumentazio-zentroan biltegiratuta egon dira formatu desberdinetan, hala nola VHS, Beta eta «zaharragoak diren beste batzuk», eta digitalizatu ondoren plataformara igo dira.
25 dokumental inguruk osatzen dute hasierako katalogoa, gai «oso ezberdinekin», eta «Durangaldeko hainbat udalerriren ondarean eta historian murgiltzeko» aukera ematen dute. Horien artean, Txelu Angoitiaren ‘Trenak ekarritakoak’, Jone Guenetxeak zuzendutako eta Juanjo Lopezen ‘Elorrioko lehen aldiak’, Julen Orbegozoren ‘Ate ostean, Mañariko 13 alabak’ eta Labayru Fundazioaren ‘Berriz, metalez eta ekinez hazia’ daude.