GAUR8

‘Basati-Salvaje’ erakusketa, Bertizko Lorategi Historiko-artistikoan ikusgai

Bertizko Parke Naturaleko Lorategi Historiko-artisitikoan Maria Jimenezen ‘Basati-Salvaje’ erakusketa dago ikusgai. Nafarroako sorgin ehizaren testuinguru historikoan kokatuta, adierazpen artistiko desberdinetan, «euskal mitologia herri erlijio gisa» mantendu zuten emakume euskaldun haiek ditu ardatz.

Erakusketa osatzen duen piezetako bat, irudian.
Erakusketa osatzen duen piezetako bat, irudian. (Nafarroako Gobernua)

Maria Jimenez Moreno artista nafarraren ‘Basati-Salvaje’ erakusketa Bertizko Parke Naturaleko Lorategi Historiko-artistikoan egongo da ikusgai abuztuaren 31era arte, Kultur2024ren jarduera programaren barruan.

Bisitaria «Nafarroako sorgin ehizaren testuinguru historiko, kultural eta sozialera» hurbiltzen duen erakusketan, irudiak, eskulturak, marrazkiak eta brodatuak daude.

‘Basati’ kontzeptu horri lotuta, «euskaraz hitz egiten zuten eta euskal mitologia herri erlijio gisa mantentzen zuten emakume horiei guztiei» egiten die erreferentzia, azaldutakoaren arabera.

Era berean, herrialdearen «orografia menditsua eta malkartsua, basoak, zelaiak eta herri-lurrak» horretarako «agertoki aproposak» izan ziren. Erakusketak «naturarekin zuten harreman sozial eta kulturala» aipatzen du, «emakume horietako asko sendabelarretan adituak zirelako eta beren komunitatean sendalari eta emagin lanak egiten zituztelako».

Proposamenak «hainbat gertakari, mito, tradizio, legatu, sinesmen eta sineskeria hurbildu nahi dizkio» ikusleari, «irudimen kolektiboan sorginaren irudia eraikitzeko garrantzitsuak izan zirenak, eta kapitalismoaren garaiaren hasieran inposatzen ari ziren eta oraindik ere indarrean dauden arau sozialekin bat ez zetozen emakume mota jakin batzuk debaluatzen eta kriminalizatzen» zutenak.

Herri kulturaren aurkako borroka

«Garai hartako herri-kulturaren aurkako borroka izan zen, auzo-elkartasunean oinarritua, eta botere kolektiboa eraistea eragin zuen, lurraren pribatizazioaren, familia ardatz hierarkiko gisa hartzearen eta genero-harremanak menderatzearen alde», azaldu dute erakusketa inspiratu duen gaiaren inguruan.

Horrela, Maria Jimenez artistak «bizirik mantentzen du emakume horien historia luzea, ibilbide historiko, sozial eta kultural baten bitartez».

Maria Jimenez Moreno (Iruñea, 1978), Arte Ederretan lizentziaduna Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU), hainbat diziplina eta tailerretan trebatu da. Bere lana ehungintzaren inguruan garatu da, «femeninoarekin lotutako praktika tradizionalen errebindikazio-tresna gisa, batzuetan beste hizkuntza batzuekin konbinatuz, hala nola argazkigintzarekin, marrazkigintzarekin, zeramikarekin edo instalazioarekin».