GAUR8

Jordi Llop CIC biomaGUNEren ikertzailea Irudi Molekularraren Europako Elkarteko presidente izendatu dute

CIC biomaGUNEko Erradiokimikako eta Irudi Nukelarreko Laboratehiko ikertzaile nagusia den Jordi Llop doktorea Irudi Molekularraren Europako Elkarteko presidente izendatu dute. Llopek nabarmendu du eremu zabala dela irudi nuklearra, eta funtsezko elementua gaixotasunen diagnostikoan.

Jordi Llop CIC biomaGUNEren ikertzailea.
Jordi Llop CIC biomaGUNEren ikertzailea. (CIC biomaGUNE)

CIC biomaGUNEko Erradiokimikako eta Irudi Nuklearreko Laborategiko ikertzaile nagusia den Jordi Llop doktorea Irudi Molekularraren Europako Elkarteko (ESMI, ingelesezko siglekin) presidente izendatu dute.

Prentsa ohar batean, zentroak gogoratu du ESMIk 20 urte bete, eta egun irudi molekularraren arloari lotutako 1.400 profesional baino gehiago dituela, Europan, Amerikan eta Asian lanean ari direnak.

Llopek berak azaldu du komunitate zientifiko horrek irudi molekularraren hainbat diziplinatan lan egiten duela «organismo bizi baten barruan maila molekularrean edo funtzionalean zer gertatzen ari den ikusteko, bai baldintza normaletan, bai patologikoetan, gehienetan modu ez-inbaditzailean».

CIC biomaGUNEtik jakinarazi dutenez, irudi molekularra oso eremu zabala da, oinarrizko ikerketa, ikerketa aurreklinikoa, translazionala eta klinikoa barne hartzen dituena.

Aplikazio desberdinak

«Organismo baten barruan maila molekularrean zer gertatzen den jakiteko erabiltzen da, eta aplikazioen artean daude, esaterako, gaixotasunen diagnostikoa, gaixotasunei lotutako fenomeno fisiopatologikoen ikerketa edo tratamendu baten erantzunaren ebaluazioa. Irudi molekularrak hainbat gaixotasunetan du aplikazioa: minbizia, gaixotasun neurodegeneratiboak, arnasketakoak, kardiobaskularrak, infekziosoak edo muskulueskeletikoak», adierazi du Llopek.

ESMIren eginkizun nagusia irudi modalitate guztiak eta erlazionatutako diziplina guztiak integratzea da, diziplinarteko aliantzak sustatzeko, irudiaren inguruko azterlan esperimentaletan eskuratutako ezagutzak eremu klinikora transferitzeko helburuarekin.

Llopen hitzetan, «gaur egun komunitate zientifikoak gero eta arazo konplexuagoei aurre egiten die. Ingurune biomedikoak ezagutza oso desberdinak dituzten adituen laguntza behar du asmo handiko proiektuak aurrera eramateko. Lankidetza funtsezkoa da, eta ESMI lanean ari da komunitate horri informazioa trukatzeko tresnak emateko eta lankidetza sustatzeko».

2025eko martxoan, Bilbon egingo da Irudi Molekularraren Europako 20. Biltzarra. Llopek uste du ESMIko lehendakaritzak lagun dezakeela «gure ikerketa taldea eta CIC biomaGUNE eta Euskadi, Europako eta munduko irudi molekularraren mapan kokatzen».

Euskal ikertzaileak CIC biomaGUNEren Irudi Molekular eta Funtzionalaren Plataforma nabarmendu du, «Europako irudi aurreklinikoko ikerketa azpiegitura handienetako bat delako».

«Instalazio berean biltzen dira irudi teknika guztiak, ziklotroi bat eta erradiokimikako laborategi bat. Laborategi horretan, kontraste agente eta trazatzaile mota guztiak egin daitezke in situ ikerketarako. Horrek aukera ematen digu malgutasun handiarekin eta bizkor erantzuteko gaitasunarekin azterketak egiteko», azaldu du.