GAUR8

Metaforak interpretatzeko gaitasuna 6 urterekin garatzen da, ikerketa baten arabera

Metaforak erabat interpretatzeko gaitasuna sei urterekin garatzen dela ondorioztatu du 3 eta 9 urte bitarteko haurrekin egindako ikerlan batek. Isabel Martin EHUko ikertzaileak ikusi du, gainera, adin txikiagoetan hasten dela garatzen esanahi ez-literala uelrtzeko gaitasuna.

Isabel Martin EHUko ikertzaileak haurren metaforak interpretatzeko gaitasuna aztertu du .
Isabel Martin EHUko ikertzaileak haurren metaforak interpretatzeko gaitasuna aztertu du . (UPV/EHU)

Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Lindy Lab ikerketa taldeak adingabeen metaforak interpretatzeko gaitasuna aztertu du. Hiru eta bederatzi urte bitarteko 80 haurrekin egin dute azterketa, eta ondorioztatu sei urterekin erabat ulertzen dituztela metaforak.

Isabel Martin ikertzaileak azaldu du erabateko interpretazioa 6 urtetik aurrera ematen bada ere emaitzek adierazten dutela lehenago hasten dela garatzen esanahi ez-literala antzemateko gaitasuna.

«Ikusi da adin txikiagoetan irudizko hizkuntza nolabait atzematen dutela, baina ez dute menderatzen eta gaitasun mugatua dute. Sei urterekin ondo identifikatzen dute haren esanahia, eta badirudi aurrerago, 10 urte inguru dituztenean, metaforak azaltzeko gai direla» argitu du.

Ohar batean, EHUko iturriek zehaztu dute ikerketaren emaitzek doktoregaiaren tesiarekin lotuta dagoela, hizkuntza metaforikoaren ulermena aztertzen baitu, «garapen tipikoa duten eta autismoaren espektroko nahasmendua duten» haurretan, bi taldeetan gertatzen dena alderatu eta autismoa duten pertsonen adimena hobeto ulertzeko.

Prozedura ere berritzailea izan da kasu honetan. «Psikologia esperimentaleko eta psikolinguistikoko joera metodologiko berri bat abiarazi dugu, eta, horri esker, dagoeneko existitzen diren lanek baino ondorio ñabarduraz osatuagoak atera ahal izan ditugu», adierazi du Martinek.

Audioak eta begi mugimenduak

Azterlanean bi metodologia desberdin erabili dituzte. Irudiak hautatzeko metodologian, esperimentua egin dute: haur bakoitzak metaforaren audioa entzuten du eta entzundakoa irudi batekin lotu behar du.

«Metodologia horri esker jakin ahal zian dugu sei urteko parte hartzaileek ulertzen dituztela irudizko esanaaiak, adin horretan ikusten baita argi eta garbi irudikapen egokia aukeratzen duela», azaldu du ikertzaileak.

Horren ondoan, begi mugimenduak ere aztertu dituzte. Martinek azaldu duenez, datu horiek aukera ematen dute ikusi eta entzun dutena nola prozesatu duten jakiteko.

«Kamerak begiak irudi batetik bestera nola mugitu diren atzematen du, eta parte-hartzaileek zuzentzat jotzen duten marrazkia aukeratu aurretik haien buruen barruan gertatzen ari denari buruzko informazioa ematen digu: zailtasunak izan dituzten, zein aukeraren artean egin duten zalantza... Izan ere, azkenean hautatzen duten irudia erabaki baten emaitza da eta prozesu oso bat burutu du», argitu du ikertzaileak.