99 bete dira Julita Beraza munduko erraketista txapelduna sortu zela
Gaurko egunez jaio zen Anoetan, duela 99 urte, Juliana Ignacia Beraza Leibar. ‘Julita’ garai guztietako erraketista onenetakotzat hartu izan da. 24 urtez jokatu zuen profesionaletan eta munduko txapeldun izatera iritsi zen. Mexikon zendu zen, 2020an, 94 urte zituela.
Anoetan sortu zen Juliana Ignacia Beraza Leibar, 1925eko uztailaren 29an. Julita, hala deitzen zioten, erraketista profesionala izan zen 24 urtez, eta munduko txapelduna izatera ailegatu zen. Inoizko erraketista onenetariko bat kontsideratzen da. Horren erakusle dira ‘La Reina’, ‘La Única’ eta ‘La Venus Rubia’ goitizenak.
Groseko frontoian hasi zen jokatzen bere ahizpekin batera. Handik Madrilera egin zuen jauzia, eta 15 urterekin debutatu zuen bertako pilotalekuan, nahiz eta berez 16 urte izan arte ezin zen jokatu maila horretan. Urte batzuk geroago Milagros ahizpa gazteena ere joan zen. Han zenbait urte egin zituzten, tarteka Bartzelonan eta Palma de Mallorcan ere jokatuz. 1952an Julita eta Mari, hiru urte gazteagoa zen bere ahizpa, Mexikora joan ziren, itsasontziz, hiru hilabeteko bidaian.
Mexikon egunero jokatzen zuten, hiriburuan eta Acapulcon. Hilabetean pare bat egun bakarrik zituzten libre, baina ederki irabazten zuten. Batez ere Julita nabarmendu zen Amerika aldean.
1964an erretiratu zen, Mexikoko frontoia itxi zenean. 2019an, Aberri Egunez, Juani Arrillaga eta Juana Lizarzaburu erraketistekin batera omendu zuen DFko Euskal Etxeak, ‘Emakume Raketistak’ dokumentala aurkeztearekin batera.