GAUR8

‘Gipuzkoa, mila paisaia, mila ohitura, mila istorio’, 2025eko egutegiko argazki lehiaketaren abiapuntua

2025eko Gipuzkoako Foru Aldundiaren egutegiari irudiak emango dizkion argazki lehiaketa aurkeztu dute. Irailaren 1ean zabalduko da lanak aurkeztuko epea, eta 4.000 euro banatuko dira sarietan. ‘Gipuzkoa, mila paisaia, mila ohitura, mila istorio’ izango da aurtengo gaia.

Irudian, Baratzazarreko behatokia Deban.
Irudian, Baratzazarreko behatokia Deban. (Jon URBE | FOKU)

2025eko egutegiaren irudi izango diren argazkiak hautatzeko prozesua jarri du abian Gipuzkoako Foru Aldundiak, argazki lehiaketaren edizio berria iragarriz. Irailaren 1ean zabalduko dute argazkiak aurkezteko epea, eta irailaren 30ean itxiko da.

Zortzigarren edizioa da aurtengoa, eta izango duen gaia aurkeztu dute: ‘Gipuzkoa, mila paisaia, mila ohitura, mila istorio’.

«Gipuzkoan mendez mende eraikitzen joan den lurraldea da, eta horren lekuko dira gaur egun ditugun paisaia, tradizio eta bizipenak. Aukeratutako gaiarekin eta argazkien bitartez lurraldearen balioak transmititu nahi ditugu; izan zena, gaur egun dena edota etorkizuneko Gipuzkoa», adierazi du Irune Berasaluze Gobernantza diputatuak.

Aldundiko iturriek azaldu dutenez, aurten ere Gipuzkoako Argazkilari Elkartearekin batera elkarlanean antolatu da lehiaketa, eta, guztira, 4.000 euro banatuko ditu saritan. Lehenengoak 1.000 euroko saria jasoko du eta egutegiko azalean aterako da. Horrez gain, 250 euroko 12 sari ere egongo dira, egutegiko hilabete bakoitzeko bana.

Bete beharreko zenbait baldintza

Lehiaketa 18 urtetik gorako argazkizaleei nahiz profesionalei irekita dago: parte hartzaile bakoitzak hiru argazki aurkeztu ditzake gehienez: originalak, lehenagotik argitaratu gabekoak eta aukeratutako gaia irudikatzen dutenak. Argazkiak Gipuzkoan ateratakoak izan behar dira.

Parte hartzeko, Diputazioaren webgunean sartu beharko da, gaiari lotutako atalean eta bertan aurkeztu beharko ditu argazkiak. Argazkiak JPEG formatuan aurkeztuko dira, horizontalean, 20x33 zentimetroko tamainarekin eta hazbeteko 300 pixeleko bereizmenarekin, eta zuri-beltzean nahiz koloretan aurkezteko aukera egongo da.

Aurkeztutako argazkiak ezin dira lehenagotik argitaratuta egon. Bestalde, «ezingo da aurkeztu aurretik argazkilaritza sariren bat jaso duen argazkirik, eta ez da onartuko egilearen sinadura edota logotipoa daramaten argazkirik. Halaber, edizio digitala onartzen da, baina ez da onartuko hartutako irudien gainean elementuak manipulatzea edo gehitzea edo ezabatzea, ezta adimen artifizialarekin egindako obrarik ere ez», zehaztu dute Foru Aldunditik.