GAUR8

Irailaren 6an itxiko dute Lezoko Antzerki Testu Laburren Lehiaketan parte hartzeko epea

Lezoko Antzerki Testu Laburren Lehiaketak hurrengo irailaren 6an itxiko du lanak aurkezteko epea, 14.00etan. HIKA Teatroak eta Udalak bultzatzen dute arte eszenikoen arloan publiko berriak sustatu eta gazteak dramaturgiara erakarri nahi duen ekimena.

Gazteei bereziki zuzenduta dago Lezoko Antzerki Testu Laburren Lehiaketa.
Gazteei bereziki zuzenduta dago Lezoko Antzerki Testu Laburren Lehiaketa. (Lezoko Udala)

Irailaren 6an, 14.00etan, itxiko dute Lezoko Antzerki Testu Laburren Lehiaketan parte hartzeko epea. HIKA Teatroak gidatzen du proiektua, «sentsibilizazio eta publiko berriak sortzeko» programaren barruan. Lezo Eszena ekimen horren baitan, «gazteak jai giroan eta modu parte hartzailean arte eszenikoetara erakartzea eta hurbiltzea» da helburu nagusietako bat.

Bigarren edizioa izango da 2024ko hau, lehen esperientzia arrakastatsuaren ondoren. «Publiko orokorrari eta zehazki gazteei zuzenduta», arte eszenikoen ekitaldietara joateko ohitura bultzatu nahi dute, eta horrekin batera, «haien sortzaile gaitasuna erdigunean jarri».

Pasa den urtean, gazteen aldetik jasotako erantzun onari jarraipena eman nahi zaio, mailari eutsiz edota hobetuz. Nabarmendu dutenez, antzerki zaletasunari emandako bultzadaz gain, «euskal kultura, euskara eta zehazki euskal antzerkia ikusarazi eta bultzatu» nahi dute, parte hartzaileen artean «sortzaileak, ikusle aktiboak, sektoreko profesionalak edota festazale amorratuak erdigunean jarrita».

15 minutuko testu laburra

«Euskararen eremu geografikoko dramaturgo, idazle edo idaztea gustukoa duen edozein hiritarri» zuzenduta dago lehiaketa. Gutxienez 10 minutu eta gehienez 15 minutuko antzerki laburrak eskatzen ditu deialdiak, gai librearekin, eta edozein estilokoa: komedia, absurdoa, tragikomedia...

Guztira bi pertsonaia izan behar du istorioak, protagonista gazte bat izan behar da, eta traman Lezoko herria agertu behar da, modu librean.

Testuak ‘pdf’ formatuan bidali behar dira mdimalta@lezo.eus helbidera, eta testuarekin batera, 8-10 lerroko sinopsia eta pertsonaia bakoitzari buruzko hiru lerroko azalpena eskatzen dute.

Epaimahaiak sei testu finalistak aukeratuko ditu, eta «horietatik bi gutxienez 35 urte baino gutxiago duten egileak izatea balioetsiko du.

Sei testu horiek irakurketa dramatizatu baten protagonistak izango dira urriaren 5ean, Lezon izango den ekitaldian. Saria, 1.200 eurokoa, eta publikoak erabakiko du irabazlea, egilearen izena eta zein zuzendarik zuzendu duen jakin gabe.

Testuak, halaber, ikusgai izango dira Lezoko Udalaren eta HIKA Teatroaren web orrialdeetan.