GAUR8

Antzinako Merkatua egingo dute Artziniegan larunbatean

Herriko jaiak atzean utzita Antzinako Merkatuan murgilduko da Artziniega larunbatean, dama, zaldun eta ofizio zaharretara bidaiatzea proposatzen duen egun osoko programa batekin. Erdi Aroko gune historikoan egingo dute azoka, erakustaldiak eta herritarren parte hartzea nabarmena duen hitzordua.

Herritarrak Artziniegako antzinako merkatuaren aurreko edizio batean.
Herritarrak Artziniegako antzinako merkatuaren aurreko edizio batean. (Artziniegako Udala)

Antzinako Merkatuaren XXV. edizioa egingo dute larunbatean Artziniegan. 1998an monumentu multzo izendatu zuten herriko Erdi Aroko Hirigune Historikoan izango da azoka. Izan ere, izendapeneko urte horretan bertan egin zen azokaren lehen edizioa.

Udalak oroitu duenez, lehenengo edizioa, aitzindaria EAEn, Artea Etnografia Elkarteak sustatu zuen. Urtero antzinako ofizio bat erakustea proposatu du hitzorduak, eta horrez gain, Pablo Respaldizaren Sutegia jartzen dute martxan.

Era berean, Udalak 2022an martxan jarri zuen Antzinako Merkatuaren etorkizunari buruzko hausnarketa komunitariotik sortutako lantaldearen bitartez filosofia horri eusten dion herri-sorkuntzako merkatua dela azaldu du.

Parte hartzeko deia

Artziniegako Antzinako Merkatuaren XXV. edizioan parte hartzeko deia egin die Udalak herritarrei. Ekitaldiak 11.00etan hasiko dira, pregoiaren irakurketarekin. Hortik aurrera, antzinera bidaiatzeko aukera izango dute parte hartzaileek «fama, bufoi, titiritero, pikaro handiki eta enparauekin».

Magia, alkimia, ezpata-forja, antzerkia eta ardiak moztea dira programak biltzen dituen proposamenetako batzuk, goizean eta arratsaldean. Programazioa 21.00etan itxiko da Goiko Plazan, kaleko musikarien eskutik, danbor eta su ikuskizunekin.