GAUR8
Gaur X urte

Bruce Springsteenek 75 urte bete ditu gaur

Bruce Frederick Joseph Springsteen (Long Branch, New Jersey, 1949ko irailaren 23a), ezizenez The Boss (nagusia), estatubatuar konpositore, gitarrista eta abeslaria da. E Street Band taldean egindako lanagatik hagitz ezaguna da, eta rock musikako artistarik arrakastatsuenetakoa. 120 milioi diskotik gora saldu ditu munduan.

Bruce Springsteen, 2016an Donostian eman zuen kontzertuan.
Bruce Springsteen, 2016an Donostian eman zuen kontzertuan. (Jon URBE | FOKU)

Bruce Springsteenen 75. urtebetetzea da gaur. The Boss gisa ezagutzen den konpositore, gitarrista eta abeslari estatubatuarra rock musikaririk arrakastatsuenetakoa dugu. 120 milioi diskutik gora saldu ditu munduan, 64,5 milioi AEBetan, eta bere hamar diskok lortu dute lehenak izatea. The Beatles eta Jay-Z-k soilik gainditzen duten marka da hori.

Long Branchen jaioa, bere etxean ikasi zuen gitarra, pianoa eta harmonika jotzen. Gaztetan inguruko taberna eta klubetan jotzen hasi zen, eta 1972an kontratu bat izenpetu zuen Columbia Recordsekin. 1973an bere lehen diskoa argitaratu zuen, ‘Greetings from Asbury Park’ (Goraintziak Asbury Parketik), E Street Band hainbat lanetan lagun izan duen taldearekin.

Bere musika ibilbidea bost hamarkadaz luzatu da, gaur egun arte. Tartean atera ditu ‘Born to Run’ (Lasterka egiteko jaioa, 1975), nerabe baten bizitzaren egun bati buruzko kantuekin; ‘Darkness on the Edge of Town’ (1978) eta ‘The River’ (1980), kritikaren ustez inoizko hiru rock diskorik onenak.

‘Born in the USA’ (1984, Estatu Batuetan sortua) diskoa Columbia Recordsen historiako diskorik salduena izan zen (13 milioi ale). Harekin Springsteen langile klasearen sinbolo bihurtu zen.

Folk disko batzuk ere grabatu zituen: ‘Nebraska’ (1982), ‘The Ghost of Tom Joad’ (1995) eta ‘Devils & Dust’ (2005).

20 Grammy, bi Urrezko Globo eta Oscar baten jabe da. 2004an, ‘Rolling Stone’ aldizkariak 23. postuan kokatu zuen inoizko artistarik onenetakoen zerrendan.

‘Letter to You’ du bere lanik berriena (2020). Hainbat urtez bakarrik ibili ondotik, E Street Bandekin elkarlanean aritzera itzuli zen disko horrekin.