GAUR8

Liburuak Trukatzeko XIV. Azoka egingo dute Gasteizen, urriaren 19an eta 20an

Literatura eta irakurzaletasuna sustatzeari eskainitako asteburua prestatu du Gasteizko Udal Liburutegi Sareak hilaren 19 eta 20rako. Programazioaren barruan ipuin kontalariak daude, zuzeneko musika emanaldiak edota tailerrak, besteak beste. 2000. urtetik aurrerako liburuak onartuko dituzte.

Liburuak trukatzeko azokaren edizio berria hilaren 19an abiatuko da.
Liburuak trukatzeko azokaren edizio berria hilaren 19an abiatuko da. (Gasteizko Udala/Europa Press)

Gasteizko Udal Liburutegien Sareak Liburuak Trukatzeko XIV. Azoka antolatu du urriaren 19rako eta 20rako, hilaren 24an ospatuko den Liburutegien Eguna dela eta. Programazioaren barruan, liburuz eta ipuinez beteko da Iradier Arena, sor daitezkeen trukaketen zain.

Aurreko edizioan bezala, 2000. urtetik aurrerako argitalpenak bakarrik onartuko dira, liburuen kalitatea eta gaurkotasuna hobetzeko, eta pertsona bakoitzak gehienez bost truke egin ahal izango ditu.

Bestalde, ez dira onartuko testu liburuak, unibertsitateko liburuak, informatikakoak, liburu teknikoak, geografiakoak, ikerketa soziodemografikoen ingurukoak, azpimarratutako zatiak dituztenak, egoera txarrean daudenak, bidaia gidak, aldizkariak, entziklopediak eta solteko liburukiak.

Herritarrek ekartzen dituzten liburuak beste 5.000 liburu baino gehiagorekin osatuko ditu Gasteizko Udal Liburutegi Sareak, eskaintza anitzagoa izan dadin.

Literaturari eta irakurzaletasuna sustatzeari eskainitako asteburua izango dela nabarmendu dute antolatzaileek, eta gaineratu dute tailer, musika eta ipuin kontalariez familian gozatzeko aukera egongo dela.

Azoka goizez eta arratsaldez egongo da zabalik urriaren 19an, 11.00etatik 14.00etara eta 17.30etik 20.30era, hain zuzen; urriaren 20an, berriz, goizez bakarrik irekiko da, 11.00etatik 14.00etara.

Gainera, asteburuan zehar, bereziki haurrei eta familiei zuzendutako jarduerak antolatu dira, hala nola haurrentzako ‘collage’ eta ‘scrapbooking’ tailerra, zuzeneko musika emanaldia Virginia De la Casa Trío taldearekin, Maite Frankoren ‘Txanogorritxok kontatu zizkidanak’ ipuin kontaketa edota ‘Ilunpetan irakurtzeko ’ tailerra.

Asteburu osoan zehar, gainera, Gazteentzako Nanokontakizunen IX. Lehiaketan saritutako lanak eta ID-Arte Arte eta Diseinuko Goi Eskolako ikasleek egindako ilustrazioak biltzen dituen erakusketa egongo da ikusgai.