«Astelehenetako hitzaldiak» programari helduko dio berriz Gasteizko Ignacio Aldecoa Kultur Etxeak
‘Astelehentako hitzaldiak’ Gasteizko Ignacio Aldecoa Kultur Etxera itzuliko dira gaurtik aurrera, Diego Carrera Carcedo fotokazetariak Ukrainako gerraren inguruan eskainiko duen hitzaldiarekin. Solasaldiez gain irakurzaletasunaren inguruko beste hainbat jarduera prestatu ditu zentroak.
Ignacio Aldecoa Kultur Etxeak "Astelehenetako hitzaldiei" helduko die berriz urrian. Hilabete honetarako, gainera, Garapen Jasangarrirako Helburuen (GJH) 13.a, Klimaren aldeko ekintza, hautatu dute.
Hitzaldiez gain, beste hainbat jarduera eskainiko ditu kultur etxeko programazioak: ‘Hitzordua poesiarekin’, ‘LParen kluba’, ‘Etorkizuneko erronka(k)’, ‘Ondarearen astearteak’, irakurketa klubak eta haurren saileko beste batzuk.
Ukrainako gerra izango da lehen hitzaldiko gaia gaur astelehena: ‘Documentar la guerra en Ucrania’, Diego Herrera Carcedoren eskutik. Egun horretan bertan, fotokazetari ezagunaren argazki erakusketaren inaugurazioa aurreikusita dago, azaroaren amaierara arte ikusgai egongo dena.
Hilaren 21ean, klima aldaketa izango du hizpide Fernando Valladaresek, eta Alfonso Casi Casanellasen ‘Jubilacion al punto de salud’ berbaldiak itxiko du urria.
LParen klubaren bigarren edizioak, bestalde, rockaren historiako 12 disko klasiko dakartza. Bi saio izango dira hilean, urritik 2025eko martxora bitartean. Edizio honetan, besteak beste, The Rolling Stones, REM, Joni Mitchell eta David Bowie talde eta abeslarien diskoak aztertuko dira. Ekitaldi aretoan egingo da eta sarrera librea izango da.
Programazioaren barruan, besteak beste, Arabako Foru Aldundiko Zaharberrikuntza Zerbitzuak ondarearen kontserbazioaren inguruan antolatzen duen ‘Ondarearen astearteak’ daude, baita helduentzako irakurketa klubak, zenbait elkarte eta erakunderekin lankidetzan antolatzen diren irakurketa errazako kluba.