Gida farmakoterapeutikoa argitaratu du Lakuak adinekoak artatzen dituzten profesionalentzat
Lakuako Osasun Sailak EAEko egoitzetan eta zentro soziosanitarioetan adinekoak artatzen dituzten profesionalei zuzendutako gida farmakoterapeutikoa egin du. Arazo nagusietarako gomendutako sendagaiak biltzen ditu, eta askotan polimedikazioa behar izaten duen paziente talde horren arreta hobetu nahi du.
Lakuako Gobernuko Osasun Sailak gida farmakoterapeutiko bat argitaratu du Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) egoitzetan eta zentro soziosanitarioetan adinekoak artatzen dituzten profesionalentzat. Argitalpenak talde horretan nagusi diren osasun arazoetarako gomendatutako sendagaiak biltzen ditu.
Osasun Sailaren arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 514.000tik gora pertsonek dituzte 65 urte edo gehiago, hau da, biztanleria osoaren %23,5, eta horietatik 20.000 baino gehiago adinekoentzako egoitza eta zentro soziosanitarioetan bizi dira (ia %4).
Pertsona horiek, askotan, gaixotasun kroniko ugari izaten dituzte eta polimedikazioa behar izan ditzakete (bost farmako baino gehiago), eta horrek areagotu egiten du interakzioak eta kontrako erreakzioak izateko arriskua. Hala, gaixotasun kronikoen kudeaketa eraginkorraren parte da adinekoen artean sendagaiak behar bezala erabiltzea eta haiei behar bezala ematea.
Osasun laguntzako berrikuntza ildo nagusietako bat da sendagaien erabilera egoki eta arrazionalaren bidez preskripzioaren kalitatea sustatzea, dagoen aukera terapeutiko zabalaren barruan sendagaien hautaketa erraztuz.
Ildo horretan, ‘Euskadi 2030 Osasun Plana’-ren erronka estrategikoa da bizitza luzerari, zahartzeari eta desoreka demografikoari heltzea, eta helburuak dira «jasangarritasuna eta bikaintasuna lortzea kalitateari, humanizazioari eta segurtasunari dagokienez».
Prebalentzia handiena duten patologiak
Pazienteen segurtasuna eta bizi-kalitatea maximizatzeko helburu horren ildotik, eta tratamenduen eraginkortasunari ere lotuta, gida farmakoterapeutiko berria preskripziorako tresna lagungarria, erraz kontsultatzekoa eta ebidentzia zientifikoan oinarritua dela nabarmendu dute.
Gidak populazio talde horretan prebalentzia handiena duten patologiak jorratzen ditu, hala nola elikadura traktuarekin eta metabolismoarekin, odol eta organo hematopoietikoekin, sistema kardiobaskularrarekin, gaixotasun dermatologikoekin, sistema genitourinarioarekin eta sexu-hormonekin, sistema muskulu eskeletikoarekin, nerbio sistemarekin, arnasketa sistemarekin edo zentzumen organoekin lotutakoak.
Horiez gain, tratamenduekin lotutako patologiak ere barne hartzen ditu, hala nola prestakin hormonal sistemikoak, antiinfekziosoak edo antiparasitarioak, intsektizidak eta uxatzaileak.