Makina historikoen funtzionamendua zuzenean ikusteko aukera eskainiko du La Encartada Museoak
Ehungintza ardatz duen La Encartada Fabrika-Museoak ‘erakustaldien hilabetea’ ospatuko du azaroan. Hilaren 9an abiatuko da programazio berezi hori eta lau bisita gidatu eskainiko ditu makina historikoen funtzionamendua erakusteko.
La Encartada Fabrika-Museoak ‘Azaroa, erakustaldien hilabetea’ ekimenaren edizio berria egingo du. Hilabetean zehar lau bisita gidatu berezi antolatuko ditu, «ehun fabrika honetako makina historikoen funtzionamendua zuzenean erakusteko».
Egitaraua azaroaren 9an hasiko da, ‘Ehundegiaren bilakaera’ izenburupean, artisautzako ehungailuetatik automatikoetara egindako trantsizioa jorratuko duen jarduerarekin.
Soledad Santiesteban ehungintzako ikertzaile eta artisauak bilbe eta urdiembre bidezko ehungintzaren printzipioak azalduko ditu eskuzko ehungailu baten funtzionamenduaren bidez, eta Joaquin Marco Saenz de Ormijana La Encartadako makineriaren zaharberritzaileak bilakaera teknikoaren gaineko «ikuspegi zehatza» emango du.
Jacquard ehundegiak arreta bereganatuko du azaroaren 16ko erakustaldi-ziklo honen bigarren jardunaldian. Laurentino de Cabo Cordero artisau eta adituak ehungailu honen funtzionamendua erakutsiko du.
Piezak, mantak eta oihalak
Museoaren egitarauak hilaren 23an ekingo dio berriro programazioari, ‘Fabrikako Tailer Mekanikoa’ jarduerarekin. Miguel Angel Martinez Industria Ondarearen Euskal Elkarteko kideak pieza berri baten fabrikazio eta diseinu prozesua erakutsiko du, «museoko makinak zaharberritzeko beharrezkoa» dena.
Azkenik, hilaren 30ean itxiko da egitaraua, mantak eta oihalak tratatzeko funtsezkoak diren bi makina martxan jarrita: Snoeck kardu naturaleko pertxa eta Tundidora.
Biak ala biak funtsezkoak dira ehunak akabatzeko, eta Joaquin Marco Saenz de Ormijanak aurkeztuko ditu. Pertxak, 1905ekoa, kardu naturalak erabiltzen ditu artilearen ilea altxatzeko, eta tundidoreak, berriz, ateratako ilea mozten du, ehunari azken ehundura emanez. Prozesu hori, urteen poderioz ia aldatu gabe mantendu dena, primizia izango da erakustaldien edizio honetan.
Lau jarduera horiek 3,50 euroko prezioa dute pertsonako, eta sarrera doakoa da 12 urtetik beherako haurrentzat. Gainera, La Encartadak hainbat emanaldi eskainiko ditu egunero.
Bestalde, zazpi euroko tarifa konbinatua eskainiko da erakustaldiarekin batera museora bisita gidatua erreserbatu nahi dutenentzat. Plazak mugatuak dira.