Adikzioei buruzko diagnostikoa egingo du Gasteizko Udalak, esku hartzeak definitzeko
Gasteizko Udalak adikzioen gaineko diagnostikoa egingo du Drogomenpekotasunen Deustuko Institutuarekin sinatutako lankidetza-hitzarmen baten bidez. Substantzien kontsumoak eta substantziarik gabekoak aztertuko dituzte prozesu parte hartzaile baten bidez.
Gasteizko Tokiko Gobernu Batzordeak lankidetza-hitzarmen bat onartu du Drogamenpekotasunen Deustuko Institutuarekin, Gasteizek adikzioen arloan duen errealitateari buruzko diagnostiko bat egiteko.
Osasun Publikoko Udal Zerbitzuak 18.755 euro bideratuko ditu ikerketa honetarako. Azterlana bost hilabetetan burutuko da, eta emaitzak ‘Adikzioen V. Tokiko Plana’ egiteko erabiliko dira.
Maider Etxebarria alkateak adierazi du diagnostiko kuantitatiboa eta parte hartzailea izango dela. Prozesu parte hartzaile baten bidez bilduko eta aztertuko dira datuak, «hirian adikzioek duten egoera aztertzeko, substantziarekin eta gabe».
«Lortutako emaitzetatik abiatuta, Udalak bere erantzuna eta esku-hartzeak optimizatu ahal izango ditu, adikzioek eragindako arazoen ondorioak murrizteko», baloratu du.
Diagnostikoaren emaitzari esker, ‘Adikzioak eta portaeraren beste nahasmendu batzuk murrizteko V. Tokiko Plana’ egin ahal izango da. Drogamenpekotasunen Deustuko Institutuarekin lankidetzan garatuko da. 1989. urtetik drogei eta adikzioei buruzko ikerketan eta aholkularitzan lan egiten du erakundeak.
Udalak adierazi duenez, arlo horretan lanean ari diren profesionalak prestatzeko, birziklatzeko eta ikertzeko sortutako lehen unibertsitate-institutua da.