Duela 35 urte hil zen Margarete Buber-Neuemann, bizitza gora-beheratsua izan zuen idazle alemaniarra
Gaurko egunez hil zen, 1989an, Margarete Buber-Neumann idazle alemaniarra. Ezagun egin zen Sobietar Batasuneko gulagetan zein nazien kontzentrazio esparruetan bizitakoak liburuetan jasotzeagatik.
1989ko azaroaren 5ean hil zen Margarete Buber-Neumann idazle eta aktibista alemaniarra. Buber-Neumann ezagun egin zen bere lanetan XX. mendeko borrokak islatu zituelako, bere bizipen propioetan oinarrituta. 1901ean Berlinen jaioa, Buber-Neumann giza eskubideen eta adierazpen-askatasunaren aldeko figura gisa ere nabarmendu zen. Bere bizitzan zehar, bertatik bertara bizi izan zituen erregimen totalitarioen ankerkeriak.
1937an, Heinz Neumann senarra Moskun atxilotu zuten Iosif Stalinen Purga Handiaren testuinguruan, eta geroago exekutatu egin zuten. Buber-Neumann ere atxilotu eta Siberiako Gulageko lantegi batera bidali zuten. 1939ko abuztuko itun nazi-sobietarraren ondoren, sobietarrek 1940an Gestapori entregatu zioten, beste komunista alemaniar batzuekin batera.
Gero, Ravensbrückeko kontzentrazio-esparrura bidali zuten naziek. Sobietar Batasunean izandako esperientzien ondorioz komunismoari uko egin ziolako, preso pribilegiatu samarra izan zen eta 1945eko apirilean askatu zuten.
Bigarren Mundu Gerraren ondoren, Buber-Neumannek urte batzuk eman zituen Suedian, eta 1950eko hamarkadan Alemaniara itzuli zen. 1948an ‘Bi diktadoreren pean: Stalinen eta Hitlerren gatibu’ argitaratu zuen, nazien eta sobietarren esparruetan eman zituen urteen kontakizuna, alemaniarren zein komunista sobietarren haserrea piztu zuena. 1949an, Parisen, Viktor Kravtxenkori babesa adierazi zion, Frantziako Alderdi Komunistarekin lotutako aldizkari bat salatu baitzuen, difamazioagatik, bere sobietar lan-esparruei buruzko kontakizuna asmatu izana leporatu baitzioten. Buber-Neumannek xehetasun handiz berretsi zuen Kravtxenkok kontatutakoa, eta kasua irabazten lagundu zion.
1957an, Buber-Neumannek ‘Postdametik Moskura: Okertutako bide baten geltokiak’ argitaratu zuen. 1963an Milena Jesenská bere lagunaren biografia bat argitaratu zuen Ravensbrück-en eta 1976an argitaratu zuen ‘Gar itzalia: Nire denboraren patuak’, nazismoa eta komunismoa praktikan gauza bera zirela argudiatuz. Ordurako politikoki kontserbadore bihurtua zen, eta 1975ean Batasun Demokrata Kristaua alderdira batu zen.
1980an, Buber-Neumannek Alemaniako Errepublika Federaleko Merituaren Gurutze Handia jaso zuen eta Frankfurten hil zen 1989an.