GAUR8

Xakea eskaintzen dute Pasaiako jubilatuen elkarteen programazioan, estimulazio kognitiboa lantzeko

Pasaian xakea ikasteko eta jolasteko saioak sartu dituzte jubilatuei eskainitako programazioan, estimulazio kognitiboa lantzeko. Burua aktibo mantendu eta narriadura kognitiboaren eta alzheimerra bezalako eritasunen prebentzioan lagun dezakeela nabarmendu dute.

Xakea ikasteko saioak sartu ditu Pasaiak jubilatuei eskainitako programazioaren barruan.
Xakea ikasteko saioak sartu ditu Pasaiak jubilatuei eskainitako programazioaren barruan. (Pasaiako Udala)

Pasaiako jubilatuen elkarteetan martxan dago ikasturte berriko programazioa, eta horren barruan, ohiko kirol jarduera edota irteeren ondoan, aurten berrikuntza gisa xakea ikasteko eta jolasteko saioak eskaintzen hasi dira.

Zehaztu dutenez, lehen saioak abian daude jada Donibaneko jubilatuen elkartean eta Trintxerpekoan. Interesdunek elkarte bi horietan jaso dezakete beharrezko informazioa.

«Jarduera honen helburuak asko dira: alde batetik, estimulazio kognitiboa lantzea. Xakea kontzentrazioa, plangintza eta pentsamendu estrategikoa eskatzen dituen jokoa da. Horrek burua aktibo mantentzen laguntzen du, eta narriadura kognitiboaren eta Alzheimerra bezalako gaixotasunen prebentzioan lagun dezake», azaldu dute udal iturriek.

Memoria hobetzeko

Nabarmendu dutenez, xakeak memoria hobetzen du, eta «joko-arauak, estrategiak eta aurreko jokaldiak gogoratzea lagungarria izan daiteke memoria eta informazioa atxikitzeko gaitasuna hobetzeko».

Udal arduradunen ustez, aukera bikaina da ariketa fisikoa lantzen den moduan ariketa mentala ere lantzeko, «funtsezkoa» baita bizkortasun mentalari eusteko. «Xakeak entrenamendu mental bikaina eskaintzen du», azpimarratu dute.