GAUR8

Literaturaren, bertsolaritzaren eta musikaren arteko harremana hizpide astearte honetan Bidebarrietan

Literatura, bertsolaritza eta musikaren arteko harremana aztertuko dute astearte honetan Bidebarrieta Kulturgunean. Nerea Ibarzabal eta Xabier Amuriza bertsolariak dira gonbidatuak, eta Goizalde Landabaso kazetariak gidatuko du solasaldia.

Xabier Amuriza bertsolaria da hitzaldi zikloko gonbidatuetako bat.
Xabier Amuriza bertsolaria da hitzaldi zikloko gonbidatuetako bat. (Jaizki FONTANEDA)

Bidebarrieta Kulturguneak literaturaren, bertsolaritzaren eta musikaren arteko harremana aztertuko du astearte honetan (hilak 10), ‘XXI. mendeko literaturarekin elkarrizketak’ zikloaren barruan.

Xabier Amuriza eta Nerea Ibartzabal bertsolariak eta Goizalde Landabaso kazetaria dira gonbidatuak. Solasaldia euskaraz izango da.

Parte hartzaileek idatzizko narrazioen, musikaren eta bertsolaritzaren arteko loturei buruz hitz egingo dute, hain zuzen ere «inprobisatzeko gaitasuna nagusi den eta hizkuntzaren ezagutza sakona eskatzen duen» diziplina baten ikuspuntutik. Genero horiek, gainera, bat egiten dute hizlarien ibilbideetan, bertsolaritza eta idazkera uztartzen baitituzte.

Horrela, topaketak oinarritzat hartuko du hitzaren erabilera «zehatza» «edozein sorkuntza literarioren ernamuinean» dagoela eta bertsolaritzaren praktikak «lotura ugari» dituela literatura idatziarekin, bi disziplinek «ezagutza linguistiko eta erretoriko handia» eskatzen dutelako.

Internetetik jarraitzeko aukera

Elkarrizketan zehar, bertsolaritza literaturaren adartzat hartzearen egokitasuna bezalako galderak jarriko dira mahai gainean. Ildo beretik, bertsolariek beren burua idazletzat duten ere planteatuko da, edo diziplina honen praktikak gonbidatuak literaturara eraman zituen, besteak beste.

Hitzordua 19.00etan hasiko da, Bidebarrietako liburutegiko areto nagusian, baina, ‘streaming’ bidez jarraitu ahal izango dute ekitaldia Bidebarrieta Kulturguneko YouTube kanalean.