GAUR8
Gaur X urte

Gaur 12 urte hil zen Iñaki Lejarreta txirrindularia auto batek harrapatuta

2012ko abenduaren 16an hil zen Iñaki Lejarreta txirrindularia auto batek harrapatuta entrenatzen ari zen bitartean. Gero eta txirrindulari gehiago ari zirela istripuz hiltzen ohartarazi zuen berriro ere txirrindularitzaren inguruko munduak.

Lejarreta LXIX Lazkao saria jasotzen.
Lejarreta LXIX Lazkao saria jasotzen. (Conny Beyreuther)

2012ko abenduaren 16an auto batek harrapatuta hil zen Iñaki Lejarreta, mendiko bizikletako cross-county modalitatean aritzen zen 29 urteko txirrindularia. Iurretako zuzenbide batean, entrenatzen ari zen bitartean, Renault Clio batek harrapatu zuen.

2012ko urtea bereziki gogorra izaten ari zen Lejarretarentzat, izan ere, Londresen egin ziren Olinpiar Jokuetan ezin izan zuen parte hartu, eta ondorioz, ezin izan zuen 2008an Pekinen eskuratutako diploma berretsi. Gainera, urtearen amaieran, abenduaren 31ean, Orbearekin bere kontratua amaituko zuen, eta 2013rako oraindik ez zuen talderik.

Beste txirrindulari bat batu zen abenduaren 16an hildakoen zerrenda beltzera, eta berriro ere mahai gainean jarri zen txirrindularien segurtasun eza errepidean. Bi hilabete lehenago Euskaltel taldeko Victor Cabedo hil zen Castellonen entrenatzen ari ziren bitartean. Bizikletaren munduak bere samina eta tristura helarazi zion Lejarretaren sendiari, eta irtenbideak eskatu zituen biktima gehiago egon ez daitezen.

Lejarretaren aita ere txirrindularia zen, Ismael Lejarreta, 1977tik 1983ra bitarte profesionaletan jardun zuen. Osaba ere txirrindularia zuen, Marino handia. Hark 1979an egin zuen jauzi profesionaletara, eta 1992 bitarte jarraitu zuen elitean. Lortutako palmaresa nabarmentzeko modukoa da, 1982an Vueltan ere irabazi baitzuen. Hala ere, Iñaki Lejarretak, aitak eta osabak ez bezala, BTT modalitatea nahiago izan zuen eta gurpil horien gainean egin zuen bere ibilbidea.