Amaia Ereñaga
Erredaktorea, kulturan espezializatua
Gaur X urte

Duela 35 urte hil zen Gina Pane, muturreko artista lapurtarra

Gina Pane, ‘Body Art’ delakoaren artista basatiena, gaur bezalako egun batean hil zen Parisen 1990ean. Bere azala eta gorputza erabili zituen, inolako beldurrik gabe, sormenerako modu berriak bilatu aldera, museotik, mihisetik eta pintzeletik at. 

Milanen 1985an egin zuen performance batean.
Milanen 1985an egin zuen performance batean. (Elina Noris | WIKIPEDIA COMMONS)

Biarritzen jaio zen 1939ko maiatzaren 24a Gina Pane. Zendu, Parisen, 1990eko martxoaren 5ean. Aita piano-zaharberritzaile italiarra zuen eta ama austriarra, eta haurtzaroaren zati bat Italian eman zuen.

Parisera itzuli zen, arte ederrak ikastera, eta, ondoren, goi-mailako eskolan irakatsi zuen. Jarduera-tailer bat zuzendu zuen Georges-Pompidou Arte eta Kulturako Zentro Nazionalean, 1978an eta 1979an.

1990eko martxoaren 6an, 50 urte zituela, minbiziz hil zen.

Pompidou bertan ikusi daitekeen ‘Azione sentimentale’ mihisean, arrosa-sorta batekin ikusiko dugu. Apurka-apurka loreei arantzak kendu eta bere gorputzean sartuko ditu, banan-banan. Arimaren ‘mina’ sublimatu nahi baitu, min fisikoaren bidez. ‘Autolesio’ honek helburu artistiko bat du...  hau da 70. hamarkadan zabaldu zen korronte artistikoaren gakoa.

Vito Acconzi, Chris Burden, Dennis Oppenheim edo Marina Abramovic arte mugimendu horietan koka daitezke, baina agian Gina Pane ‘Body Art’-eko artistarik basatiena izan zela esan daiteke. 70. hamarkadan proba gogorrak egin zizkion bere gorputzari, eta lanerako tresna nagusi bihurtu zuen: beirak, bizarra mozteko hortzak edo josteko orratzak eta elementu sinbolikoak, hala nola eztia, esnea, sua edo odola, erabili zituen zauriak eta ebakiak egiteko bere larruazalean.

‘Escalada no anestesiada’ (1971) performancean, esaterako, oin hutsik metalezko eraikuntza batetik igo zen, mailak altzairuzko hortzez beteta zituena. Bere oinak eta eskuak pausatzean, odoletan jarri zituen, eta zenbat eta indar gehiago erabili, orduan eta odol gehiago.

Gina Pane ez zegoen erotuta, artearen mundua infinituraino eta haratago bultzatuko zuen ideia oso iraultzailea praktikan jarri zuelako: museoetatik, mihisetik eta pintzeletik at artea ere egon daitekeela erakutsi nahi zuen. Artea ez zedin mugatu bizitza irudikatzera, baizik eta bizitzatik bertatik egina izan zedila nahi zuen.

Horretarako, bere gorputza bera erakusteko euskarri bihurtuko zuen.