Trini Cornellana alpinista aintzindariak 75 urte bete ditu gaur
Shakhaur mendia (7.116 m) igo zuen lehen emakumea izan zen Trini Cornellana. Euskal Herrian errotutako mediku eta alpinista katalan honen izena gure mendizaletasunaren historian hizki larriz idatzita gelditu beharko litzateke. Trini Cornellanak gaur 75 urte bete ditu.

Lleidako herri txiki batean jaio zen Trini Cornellana Puigarnau (Sant Ramon, Lleida 1950eko martxoaren 6a), eta han sortu zitzaion txikitatik naturarekiko zaletasuna. Herritik gertu zeuden Cadi Moixero izeneko mendiak eta haiei begira egoten zen txikitan. 1966an, oso gazterik, Iruñera ikastera etorri zen lehendabizi Unibertsitate aurreko ikasketak (PREU izenarekin ezaguna) egitera eta gero Medikuntza burutzera.
1972. urtera arte ez zen bete-betean mendian sartu. Xabier Garaioa ikaskidearekin batera, gero senarra izango zuena, hasi zen eskalatzen, Etxaurin, eta gero Pirinioetako gailurrak eta mendiko eskia deskubritu zituen. 1970 eta 1980ko hamarkadetan Nafarroan antolatu ziren lehen espedizioetan hartu zuen parte, mediku lanak eginez.
Eskarmentu handirik ez zuen, baina 1976an, Shakhaur mendia (7.116 m) igo zuen Nafarroako espedizio batekin, ipar-ekialdeko ertzetik. Lehenengo zazpi milakoa izan zen euskal alpinismoaren historian. Shakhaur mendia igo zuen lehen emakumea izan zen gainera, eta igoera batean 7.000 metrotik gora egin zuen estatuko bigarrena.
Gainera, euskal espedizio batek igo zuen lehen zazpi milakoa izan zen. Espedizio handian, Trinirekin batera mendizale hauek parte hartu zuten: Gregorio Ariz [elkarrizketa honetan espedizioaren xehetasunak ematen ditu], Iñaki Aldaya, Xabier Garaioa, Javier Pastor, Julian Lasterra, Abel Albira, Julian Ayucar, Leandro Arbeloa eta Gerardo Plaza.
Tamalez, jaitsieran Leandro Arbeloa hil eta Gerardo Plaza zauritu zen. Espediziokide batzuk, poloniar alpinista batzuen laguntza handiarekin, lortu zuten Plaza onik jaistea menditik.
Ordutik hainbat espedizio eta txangoetan hartu du parte: 4.000en Zeharkaldia Alpeetan, Everesteko espedizioa ‘Al filo de lo Imposible’ saioarekin (Nepal, Himalaia)... mendian bizi da, mendia du maite emakume aitzindari hau.

Emakumeen borrokak utzitako zazpi irudi esanguratsu

Josefa Albisu, martxoak 8 batean gizonak menderatu zituen emakume pilotaria
«Woke» lubakiaren sakona erakutsi du Jane Fondak

«Beatrizena bezalako istorioek bestelako errealitate bat irudikatzea baimendu digute emakumeoi»
