Amaia Ereñaga
Erredaktorea, kulturan espezializatua
Gaur X urte

Duela 115 urte jaio zen Jesus Abrego erremontista bikaina

Jesus Abrego, Abrego I.a nafar pilotaria, erremonteak eman duen jokalaririk handiena dela esaten ohi da. Bere ibilbide ikusgarriaren bi datu xume: 15 urte beteta bere garaiko pilotaririk hoberenen kontra jokatzen hasi zen eta 1927an Estatu espainiarreko txapelduna izan zen. Gaur 115 urte bete dira jaio zenetik.

1944ko Espainiako Erremonte Txapelketaren finala Donostiako Urumea frontoian. Abrego I.a (ezkerrean) eta Salsamendi III.a.
1944ko Espainiako Erremonte Txapelketaren finala Donostiako Urumea frontoian. Abrego I.a (ezkerrean) eta Salsamendi III.a. (Foto Car. Vicente Martín / Guregipuzkoa.net | WIKIPEDIA COMMONS)

Arroitz herrian gaur bezalako egun batean, 1910. urtean, jaio zen eta Donostian 1997. urtean zendu zen Jesus Abrego pilotari ikonikoa. Gaztetxo hasi zen pilotari astintzen: 14 urte baina ez zituen profesionaletan debuta egin zuenean, Iruñean.

Garai hartan bereziki zaila omen zen nabarmentzea, kantxaren ‘erregea’ Berako Jose Irigoyen zelako, ‘Nafarroako lehoia’ bezala ezaguna zena. Inork ez zuen bere nagusitasuna ezbaian jartzen.

Halere, Abrego mugarri bat bihurtu zen euskal pilotaren historian, kirol honek duen gogortasunetik haratago joan zelako, eta dotorezia eta zentzu estetikoa gehitu zion pilotaren jardunari.

Lehen aldiz elkarren aurka aritu zirenean, Abregok 15 urte baino ez zituen; Irigoienek, 32 urte. Beratarrak irabazi zuen, baina orduko erremonteko erregeak jada iragarri zuen, urte gutxiren buruan, kantxetara iritsi berria zen pilotari gazte hark txapela kenduko ziola. Eta horrela gertatu zen: Jesus Abregok erremontearen tronuari eutsi zion hogeita bost urtez.

1951. urtean erretiroa hartu zuen, lesio batek bultzatuta. Euskal pilotaren historiako pilotaririk handienetakoa izan zen, dena den: teknika zaindua zuen, fisikoa bikaina eta aparteko gaitasuna zuen pilotaren jardunerako.

Hainbat izen jarri zizkioten: ‘Aztia’, ‘Arroizko enara’, ‘Miraria’, ‘Fenomenoa’, ‘Enperadorea’, ‘Artista’ eta, batez ere, ‘Erremontearen erregea’. Pilotarako zuen gaitasunaz aparte, literaturazale handia izan zen; Madrilen egin zituen egonaldi luzeetan hainbat idazle ezagutzeko aukera izan zuen, hala nola Azorin edo Enrique Jardiel Poncela.