GAUR8
Gaur X urte

Mikaela Shiffrin eskiatzaileak 30 urte bete ditu

Mikaela Shiffrin eskiatzaile alpinoaren eguna da gaur, 30 urte bete ditu kirolari gazteak. Disziplina horretan birritan irabazi du dominaren bat olinpiar jokoetan eta munduko txapelduna ere izan da, zortzi aldiz.

Shiffrin, aurtengo Audi FIS Ski World Cup txapelketan.
Shiffrin, aurtengo Audi FIS Ski World Cup txapelketan. (EUROPA PRESS)

Mikaela Shiffrin eskiatzailearen urtebetetze eguna da gaurkoa, 30 urte bete ditu kirolari estatubatuarrak. Neguko Olinpiar Jokoetan urrezko bi eta zilarrezko domina bat lortuak ditu eta Munduko Txapelketan bost urrezko domina irabazi zituen. Zortzi aldiz izan da munduko txapelduna.

Coloradoko Vail herrian jai zen 1995ko martxoaren 13an eta eski alpinoa da bere kirola. Zortzi urte zituela, familiarekin batera New Hampshireko landa eremura aldatu zen eta bost urteren buruan, Denverrera. Ostean, Vermonteko Burke Mountain Academy eski akademian ibili zen.

Hiru aldiz izan da Neguko Olinpiar Jokoetan, 2014tik 2022ra bitartean. Sochikoetan, 2014an, urrea eskuratu zuen eslalonean, eta Pyeongchangen, 2018an, eslalon erraldoian urreko domina irabazi eta froga konbinatuan zilarrezko domina lortu zituen. Halaber, 15 domina irabazi ditu Munduko Eski Alpinoko Txapelketan, 2013tik 2025era bitartean. Munduko Kopako sailkapen orokorrean bost aldiz irabazitakoa da, hots, 2017ean, 2018ean, 2019ean, 2022ean eta 2023ean.

Hain zuzen ere, Munduko Kopa gehien irabazi duen emakumezko eskiatzaile alpinoa da duela hilabete iritsi baitzen ehunera. Gainera, lehen emakumea da eski alpinoaren sei diziplinetan garaipenak lortu dituena, jaitsieran, supererraldoian, eslalonean, eslalon erraldoian, paraleloan eta konbinatuan, alegia.