GAUR8

Israelek su-etena lehertu du Gaza bonbardatuta: 404 hildako gau batean

Israelek Gaza gogor bonbardatu eta 400 palestinar baino gehiago hil ditu azken orduetan, ia bi hilabete iraun dituen su-etena erabat hautsiz. Bonbardaketekin batera, gazatarrak euren etxeetatik mugiarazteko aginduei berrekin die Estatu Sionistak.

0 seconds of 0 secondsVolume 90%
Press shift question mark to access a list of keyboard shortcuts
00:00
00:00
00:00
 

Bonbardaketa orokortua izan da azken orduetan Gazako Zerrendan: Sanad albiste agentziaren arabera, erasoak, gerra hegazkin eta helikopteroetatik egin dira, baita tankeetatik ere. Esan bezala, zerrenda osoa kolpatu dute; iparraldean dauden Gaza hiria eta Yabalia, erdialdeko Deir al Balah eta hegoaldean dauden Khan Yunis eta Rafah.

Albiste agentzia berberak zehaztu duenez, «hildako asko haurrak dira» eta «hainbat ospitaleetara eraman dituzte zaurituak». Gogora ekarri behar da, Gazako ospitaleak oso baldintza kaxkarretan daudela, hainbat hilabeteko erasoak eta setioak jasan ostean.

Era berean, Israelgo Armadak Gazako iparraldeko Beit Hanoun eta hegoaldeko Khan Yunis hirietako zenbait auzo husteko agindua eman du astearte goizaldean, guztiak ere Israelgo mugatik gertu.

Eraso hauek, urtarrilaren 19tik indarrean zegoen su-etena lehertzea suposatzen dute. Hala ere, hamarnaka izan dira hildakoak ordutik ere, Israelek «eraso selektibo» deitu dituen horietan.

Benjamin Netanyahu lehen ministro ultrasionistaren bulegoak baieztatu du erasoa burutzeko agindua eman dutela, AEBren babesa dutela eta erasotzen jarraituko dutela, baita lurrez ere beharrezkoa balitz. Netanyahuren arabera erasoei berrekiteko arrazoia da Hamasek ez dituela bahitu guztiak askatu.

Estatu Batuek ontzat eman dute Israelek Gazarako su etena haustea. Etxe Zuriko bozeramaleak FOX telebista katean esan du babestu egiten duela Palestinako bonbardaketa.