Agorafobia jorratuko du zineforum-saio batek asteartean Donostian
‘Barruko dardara’ laburmetraiaren proiekzioak eta ondorengo solasaldi batek jorratuko dute agorafobia, Agifes elkarteak Donostian antolatutako zineforum-saioan. Martxoaren 25ean izango da, eta filmaren egilea eta elkartearen ‘Zeuk aukeratu’ programan parte hartzen duen Maider Arrutik gidatuko du.

Antsietatearekin lotuta, etxetik irteteko edota jende asko ibiltzen den lekuetara joateko arazoak izaten dira agorafobiaren ohiko sintoma batzuk, eta arazo arrunt samarra da, 1.000 pertsonatik seik jasaten dutena, Osakidetzak emandako datuen arabera.
Bada, agorafobia izango da martxoaren 25erako Agifesek, osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonen eta senideen Gipuzkoako elkarteak, Donostian antolatu duen zineforum-saioko gai nagusia.
Maider Arruti ikus-entzunezko errealizazioko ikasleak zuzendutako ‘Barruko dardara’ laburmetraiaren proiekzioa izango da, eta ondoren solasaldirako tarte bat izango da. Agifesek azaldu duenez, Arrutik gazteei laguntzea helburu duen ‘Zeuk Aukeratu’ programan parte hartzen du.
Film laburra ikusi ondoren, Arrutik hausnarketa zabalduko du. Elkarteak zehaztu duenez, agorafobiarekin, antsietatearekin eta anorexiarekin lotutako osasun mentaleko hainbat arazo gainditu ditu Arrutik, eta laburmetraiaren egile gisa esan zituen hitzak ekarri ditu gogora: «Agorafobiak eragiten duen sufrimenduaren eta errekuperazio prozesuaren ikuspegi errealistagoa erakusteko beharra sentitzen nuen, sare sozialetan kontatzen dena baino zailagoa izan daitekeelako».
Elkarteak gogoratu du ‘Zeuk Aukeratu’ programak nerabeen eta gazteen osasun mentala zaintzeko prebentzioa eta esku-hartzea bultzatzen dituela. Programak bi lan-ildo ditu. Batetik, ikastetxeetan lantzea prebentzioa eta sentsibilizazioa, eta, bestetik, osasun mentaleko arazoak dituzten gazteei laguntzea «bizi-proiektu propio eta itxaropentsu bat» diseinatzen.
Agifesetik azaldu dutenez, Maider Arruti astero Agifesen biltzen den gazte taldera joaten da, psikologo baten gidaritzapean «elkarri laguntzeko», eta banakako laguntza ere jasotzen du elkartean.
Hitzaldia Olarainen izango da, Ondarreta Pasealekuan, Alberto Iglesias aretoan, 18.00etan.

Basauriko kartzelako ia hilabete biko ihes saioa, protagonistetako batek kontatua

Olivenza, tarteka komunikabideetan oihartzuna hartzen duen muga korapilatsu bat

2025eko lehen hiruhilekoko ezinbesteko telesailak

Lurdes Iriondo, izar bat itzalean
