GAUR8 - mila leiho zabalik

Ama-esnearen analisiak egingo dituzte Zubietako erraustegiaren kutsadura neurtzeko

Zubieta Lantzen elkarteak eta Errausketaren Aurkako Mugimenduak jakinarazi dute Zubietako erraustegiaren kutsaduren kontrol independentearen operazioan «urrats bat gehiago» ematen ari direla: Usurbilgo zenbait ama berriren bularreko esnea bildu dute analisiak egiteko.

Zubietako erraustegia, obratan (Gorka RUBIO/FOKU)

Aurretik iragarri zutenez, Holandako Toxicowatch fundazioak eta Euskal Herrian Lakuaren baimena duen enpresa batek jaso dituzte zenbait oilategitako arrautzak eta horietako lurra, landareen hostoak eta ura, horiek analizatu eta etorkizunean Zubietako erraustegia piztu ondoren alderatu ahal izateko, leku horietan bertan hartuko diren laginekin.

«Zientzialariek aipatu zuten ume jaio-berriei bularra ematen dieten ama gazteen esnea ere kutsaduraren garapena aztertzeko oso interesgarria izango litzatekeela, oiloen arrautzak diren bezala, dioxina, furano eta beste hainbat kutsagai arrautzen koipean bezala esnearenean pilatzen direlako», adierazi du Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak prentsa-ohar bidez.

Hori dela eta, «egunotan Usurbilgo zenbait ama gaztek bere borondatez donatu du bularreko esnea eta analisi zientifiko batek eskatzen dituen berme guztiekin jaso da, behar den laborategira bidaltzeko». Iragarri dute, halaber, datozen egunetan inguruko beste herri batzuetan ere ama-esne laginak biltzeko asmoa daukatela.

Crowdfunding kanpaina

Erraustegiaren gainean bultzatzen ari diren kontrol independentea finantzatzeko, Errausketaren Aurkako Mugimenduak diru-bilketa bat deitu du. Hala, hiru modutan lagundu dezake hala nahi duen herritarrak: Verkami plataforman abian dagoen crowdfundingean parte hartuz, EAMek espreski honetarako ireki duen kontu korrontean dirua sartuz (ES45 2095 5069 06 1064132086) edo EAMeko kide bati eskura emanaz.